Otsailaren 25ean, goizeko 10:00etatik 13:00etara, Torrekuan digitalizazio librearen inguruko jardunaldia egingo da. Topaketa honetan hezkuntzaren digitalizazioa beste ikuspegi batetik aztertuko da.

Jardunaldian zehar, Wikikasi proiektua aurkeztuko dugu, baita azken hilabeteetan Talaios Kooperatiba eta Badalabekin landu dugun “Erronka digitala” ikas-egoera ere. Gainera, Nora Salbotxen hitzaldiaz gozatzeko aukera izango dugu, jakintza eta ekintza lotzen dituen hezkuntza-ereduaz hausnartzeko.

Wikikasi: Wikimedia bidezko ikas-egoera libreak

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak, Talaiosen laguntzarekin, bigarren hezkuntzarako bideratutako Wikikasi ikas-egoerak sortu ditu. Wikimedia tresnak darabiltzaten proposamen pedagogiko libreak dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko legearen markoan kokatzen dira.

Helburua bederatzi ikas-egoera sortzea da; gaur egun, sei daude argitaratuta. Jardunaldian, proiektuaren oinarriak eta ikasgeletan aplikatzeko moduak azalduko ditugu.

Erronka digitala: ingurune digitala ikuspegi kritikotik lantzeko

Badalab eta Talaiosen elkarlanean sortutako azken ikas-egoera ere, “Erronka digitala”, aurkeztuko dugu otsailaren 25eko jardunaldian. Proposamen honek ingurune digitala bere osotasunean ulertu eta ikuspegi kritikotik lantzea du helburu.

Paradigma digitalak aldaketa sakonak eragin ditu hezkuntzan eta gizartean; hortaz, ezinbestekoa da ikasleekin hausnarketa hori modu egituratuan eta pedagogikoan lantzea. Jardunaldian, ikas-egoera hau martxan jartzeko gidalerro praktikoak eskainiko ditugu.

Nora Salbotx: jakintzatik ekintzara

Goiza biribiltzeko, 11:45etik aurrera, Nora Salbotxek “Wikikas-egoerak: elkarrentzako egiten jakin” hitzaldia eskainiko du. Bertan, trebetasunak, jakintza eta ezagutzak ekintza bihurtzen dituen hezkuntzaz hausnartuko dugu, Wikipediak proposatutako ikas-egoeren bidetik. Curriculumeko edukiak sentitzera, pentsatzera eta egitera gonbidatzen gaituen ikuspegia landuko da.

Egitaraua:

10:00 – 10:15 → Aurkezpena Wikikasi

10:15 – 11:00 → Erronka digitala Ikas-egoera

11:00 – 11:15 → Galdera erronda

11:15 – 11:45 → Atsedenaldia

11:45 – 12:30 → “Wikikas-egoerak: elkarrentzako egiten jakin” Nora Salbotx

12:30 – 12:45 → Galderak

Parte hartu nahi baduzu, izena eman dezakezu hemen:

https://torrekua.eus/agenda/ekitaldiak/wikikasi-2026-02-25