Txikipedia elikatzeko eta haurren ezagutza librea euskaraz indartzeko urrats berri bat eman dugu Diximed pediatriarako proiektuaren bidez. Lankidetza honi esker, Txikipediako ehun artikulu baino gehiagotan audioak egongo dira.

Testuinguru horretan, gaur Diximed pediatriarako sare-hiztegiaren aurkezpenean izan da. Eta aukera izan dugu ikusteko nola batzen diren osasuna, hizkuntza, hezkuntza eta ezagutza librea ekimen berean.

Diximed pediatriarako 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako sare-hiztegi eleaniztuna da, medikuntzako oinarrizko kontzeptuak modu ulergarrian azaltzeko sortua. Ataria orain arte katalanez, gaztelaniaz, galegoz eta ingelesez zegoen erabilgarri; orain, euskarazko bertsioa ere eskuragarri dago.

Web atarian eduki ugari daude eskuragarri: 300 termino baino gehiagoko medikuntzako hiztegi orokorra, COVID-19ari lotutako hiztegi osagarria, giza gorputzaren atlasa, infografiak eta jolas interaktiboak, baita haurren marrazkiak eta audioak ere, terminoak azaltzeko.

Jatorria eta bidea

Proiektua jatorriz Rosa Estopàk sortu eta zuzendu zuen, Universitat Pompeu Fabrako IULATERM ikerketa-taldearen baitan. Denboran zehar, eskoletako milaka ikaslek, eta aditu desberdinek, hala nola, hizkuntzalari eta terminologoek, hartu dute parte, eta emaitza haurrei zuzendutako baliabide digital sendo eta fidagarria izan da. 

Euskal Herrian, lankidetza zabal baten bidez

Euskarazko bertsioa EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordetzak bultzatu du. Testuen itzulpena Elhuyarrek egin du, EHUko Hizkuntza Zerbitzuarekin eta Terminologia Plangintzarako arduradunekin lankidetzan. 

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak, Orokieta Herri Eskolako ikasleekin hiztegiaren terminoen euskarazko audioak grabatu ditugu. Horrela, definizioak testu hutsetik harago doaz, eta haurren hizkuntza-errealitatera are gehiago hurbiltzen dira. 

Ezagutza librea eta hezkuntza, eskutik

Esan bezala, ekimen honek jarraipena ematen dio Txikipedia bezalako proiektuekin hasitako bideari. Helburua argia da: zientzietako eta osasuneko oinarrizko ezagutza euskaraz, libre eta haurrek ulertzeko moduan eskaintzea. 

Aurkezpenean bertan ikusi dugu nola bihurtzen diren ikasleak ezagutza-hartzaile izatetik ezagutza-sortzaile izatera, euren ahotsa eta irudimena proiektuaren oinarri eginez.

Diximed pediatriarako euskarazko web ataria hemen dago eskuragarri:

0 comments

XHTML: You can use these tags: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>