Euskal Wikilarion Kultura Elkarteak urtero egiten duen batzarrarekin batera, egun osoko egitaraua antolatu dugu urtarrilaren 24an Gasteizen. Hitzaldiak, ikastaroak eta editatoia egingo dugu Arabako Arkeologia Museoan, Aiztogile kalean. Gurekin batera Wikipedia eta bere inguruko proiektuei buruz gehiago ikasi nahi baduzu, etor zaitez, lekua egingo dizugu eta.

Iaz Eibarren egin genuen jardunaldi arrakastatsuaren ondotik, aurten ere bilkura antolatu dugu urtarrilaren amaieran. Kasu honetan Gasteizen egingo dugu, Arabako Arkeologia Museoan, eta bertan gaudela baliatuko dugu Arabako arkeologiari buruz zein Euskal Herriko historia 100 objektutan proiektuan dauden gaiei buruz gehiago ikasteko.

Jardunaldia EWKEren urteko batzarrarekin hasiko dugu, goizeko 10:00etan. 11:30etatik aurrera jarduerak antolatu ditugu. Lehen zati batean, 13:00ak arte, ikastaro luzeagoen txanda izango dugu, izena eman dutenek adierazi dituzten interesetan oinarrituta. Ondoren, bazkaltzera joango gara denok batera, eta 16:00etan itzuliko gara museora, bigarren txanpari eusteko: Wikipedia hobetzen arituko gara museoetako objektuetan zentratuta (baina badago aukera beste gauza batzuk galdetzeko, noski!), eta hitzaldi laburren multzoa antolatu dugu, hauek ere parte-hartzaileek azaltzeko gogoa dutela adierazi duten gaiak.

Gurekin batera etorri nahi baduzu, izena eman formularioan aste hau amaitu aurretik: https://erabili.liberaforms.org/2026-01-24ko-gasteizko-topaketa. Gogotsu hartuko zaitugu!