Euskal Wikilarion II. Topaketa egin dugu
Joan zen urtarrilaren 24an Euskal Wikilarion II. Topaketa egin genuen Gasteizen dagoen Arabako Arkeologia Museoan. Hogeita hamabost wikilari inguruk hartu genuen parte batzar orokorrarekin hasi eta hainbat ikastaro eta hitzaldi izan zituen egun osoko jardueratan.
Batzar orokorra
Goiz hotza genuen Gasteizen, baina 10:00etan museoa ireki eta goxo hartu gintuzten barruan. Lehen lana EWKEren Batzar Orokorra egitea zen. Urtero egiten dugun batzarra da, kontuak azaldu, egindakoak ikusi, ekarpenak eta proposamenak jaso eta zuzendaritza berritzeko. Batzarrean egoera ekonomikoa azaldu zen, kudeatzen ditugun dirulaguntzen egoera eta 2026an hasiko ditugun proiektu berri batzuk aipatu ziren.

Tailerrak eta hitzaldiak
Eguna tailer eta hitzaldiekin jarraitu genuen. Goizean Ikusgela aurkeztu zuen Aiora Mujikak, Zumaian Txikipediarekin egindako lana Mikel Fernandez de Arrioabek eta Wikikasi proiektuaren baitako “Erronka Digitalak” Badalabeko Leire Lisonek. Bi ikastaro izan genituen ondoko gelan: OpenStreetMap hobeto erabiltzeko gomendio azkar batzuk Galder Gonzalezen esku eta erreferentziak hobeto sartzeko bideak Gotzon Egiaren aldetik. Tarte txikiarekin, museoari bisita azkarra egin genion, “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuan dauden objektuak aipatuz, Hala Bedi Tabernan bazkaldu aurretik.

Arratsaldeko tartean ere bi eremu izan genituen. Alde batean WikiEmakumeok taldeen egoeraz aritu ziren, Marisa Barrenak gidatuta, baina kide askoren parte-hartzearekin. Bestean Euskal Herriko historia 100 objektutan proiektuaren nondik norakoak ikusi eta editatzeko aukera izan genuen.
Gela nagusian hitzaldi laburren zikloa hasi zen. Berez, 10 minutu zituen hizlari bakoitzak… baina denbora pixka bat joan zitzaigun. Nafarroan egindako lanak, Palestinako wikiliburua edo BeasainPedia bezalako proiektuak azaldu genituen bertan. Egun osoko planari amaiera eman genion, museoko ateak ixtear zeudenean.
