Urte amaierako erronka Wikipedian: 26 zenbakiarekin amaitzen diren urteak
Urte amaiera aukera bikaina da atzera begiratu, datak eta gertakariak berrikusi, eta ezagutza pixka bat gehiago txukuntzeko. Horregatik, euskarazko Wikipedian erronka berezi bat jarri da martxan: 26 zenbakiarekin amaitzen diren urteetako efemerideak hobetzea.
Helburua sinplea da, baina esanguratsua: 2026. urteari ongietorria ematea eta iraganeko urte horietan gertatutakoa hobeto dokumentatzea. 26, 626, 1326, 1726 edo 1826 bezalako urteak lantzea proposatzen da, bakoitzean gertatutako jaiotzak, heriotzak edo bestelako gertaera aipagarriak osatzeko edo aberasteko.
Erronkan parte hartzeko, efemerideen artikuluak lantzeaz gain, horiekin lotutako biografiak edo bestelako artikuluak hobetu edo gehitu ahal dira. Gakoa loturak ondo jartzea da: gertakariak dagokion urtean eta egunean agertu behar du, testuingurua osatzeko.
Parte-hartzaile guztiek mezu berezi bat jasoko dute euren eztabaida-orrian. Gainera, lehen hiru sailkatuek postal berezia izango dute.
Erronka 2025eko abenduaren 16tik 31ra egongo da zabalik. Ekarpen handiak zein txikiak ongie torriak izango dira: efemeride bakar batek ere balio du ezagutza partekatzeko eta euskarazko Wikipedia elikatzen jarraitzeko.
Animatu parte hartzera eta denon artean eman diezaiogun 2026. urteari harrera ezin hobea Wikipedian!