2023an argitaraturiko “Igeldoko historia eta istorioak” liburuak ehundaka argazki eta hamaika kontakizun jasotzen ditu. Ahozko ondarean oinarrituta dago, igeldoarrek kontatutako bizipen eta istorioak baitira argitalpenaren ardatza. Liburu hau irabazi asmorik gabeko egitasmoa izan da, herritik herriarentzat egindakoa.

Javier Iraolak 5 urte baino gehiago egin zituen etxez etxe argazkiak eta istorioak biltzen. Ondoren, liburua auzolanean – musutruk eta elkarlanean- egikaritzeko deia egin eta bederatzi lagun prest azaldu ziren lanerako. Handik urtebetera, 560 orrialdeko liburu ederra argitaratzea lortu genuen.

Euskara hutsez kaleraturiko liburuak harrera ezin hobea izan zuen mila biztanle dituen herrian: ale guztiak, 800 ale, saldu ziren 3 hilabeteko epean!

Liburua agortuta, hurrengo helburua edukia sarean edonoren esku jartzea izan da. Euskal Herriko Wikipedia Elkartearekin harremanetan jarri orduko argi ikusi genuen wikiliburu bat egitea zela bidea:

-Auzolanean egindakoa , eremu digitalean oraingoan.

-Eduki irekikoa, nornahirentzat, doan eta eskura.

-Eduki bizikoa, etengabe eguneratzeko eta hobetzeko aukerarekin.

-Euskarazko wikipedian argitaratuta, interneteko entziklopedia librean.

Xabier Cañas wikilariak koordinatuta bost igeldoar bildu ginen wikiliburua sareratzeko: Alex Aisa, Arantxa Txintxurreta, Jabier Iraola, Josune Sorondo eta Nagore Iribar.

2024ko azaroaren 30ean egin genuen liburua wikitzeko lehen lantegia. Cañasek prestatu zuen lanerako azpiegitura wikipedian: liburuko testu guztiak irauli zituen bertara eta Wikimedia Commons egokitu zuen liburuko irudiak bertara igotzeko.

Hortik aurrera, beharren arabera, lantegiak deitu genituen zalantzak argitu eta urratsak zehazteko. Lan mardulena 2025eko udaberrirako egina zegoen eta, udako etena eta gero, guztion artean biribildu genuen proiektua. Argazkiekin hamaika gora behera izan genituen, baina azkenean Igeldoko ia 1.000 argazki liberatu ditugu Commonsen.

Esperientziak merezi izan du. Lan polita bezain aberasgarria izan da. Tartean, afariren bat edo beste egin “behar” izan dugu talde kohesioa indartzeko. Modu berean amaitu dugu wikiliburuaren auzolana: lagunartean, Igeldoko Din-Din elkarte gastronomikoan