Euskarazko Wikipediak urte berezia ospatzen du aurten. Abenduaren 6an 24 urte bete ditu, eta urteurrena ez da nolanahikoa izan: azken hilabeteko neurketaren arabera, euskara da mundu osoan “Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluak” sakontasun handiz beteta dituen hizkuntza bakarra.

Hau da, gaur-gaurkoz, ez dago beste hizkuntzarik zerrendako artikulu guztiak 30.000 byte baino gehiagoko luzerarekin eguneratuta dituenik. Wikilariek urteetan zehar egindako auzolanaren fruitu zuzena da lorpena.

Zer da “Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrenda”?

Wikipedian bada zerrenda estrategikoa: “Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluak”. Helburua da hizkuntza guztiek oinarrizko ezagutza orokorra osatzen duten artikuluak izatea: geografia, historia, zientzia, artea, giza eskubideak, pertsonaia esanguratsuak…

Horrez gain, zerrenda ez da edukien presentzia hutsa neurtzeko: zenbateraino dauden landuta ere kontuan hartzen da. Horretarako, hizkuntza bakoitzera egokitutako byte kopuruaren bidez, artikuluen luzera eta sakontasuna aztertzen dira, Oro har, 30.000 bytetik gorako artikuluak jotzen dira sarrera “luzetzat” eta “sakontzat”.

Munduan dauden 340 Wikipedietatik, soilik 23 hizkuntzek dute zerrendako 1.000 artikuluak osorik; baina euskarazkoa da bakarra artikulu horiek guztiak 30.000 byteko sakontasun-muga gaindituta dituen hizkuntza.

Nola lortu da lorpen hau?

Azken hiru urteetan, Euskal wikilariek modu antolatuan jardun dute zerrendako artikuluak berritzen, luzatzen, eguneratzen eta sakontzen. 

Horretarako, sortu zen lankidetza egituratua: Wikiproiektu: Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrenda”.

Hainbat wikilari aritu dira lanean: testuak berridazten, bibliografia fidagarria txertatzen, artikulu estandarrak bateratzen eta nazioarteko irizpideetara egokitzen. Auzolan horrek eraman gaitu gaurko egoerara: euskarazko Wikipedia da munduko estaldura sakonenekoa 1.000 artikuluko zerrenda horretan.

Hurrengo erronka: 10.000 artikulu nagusien zerrenda

Etapa hau gaindituta, komunitateak erronka handiago bati helduko dio: “Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak” egiteari, hain zuzen ere.

Zerrenda zabalago horretan euskara 17. postuan dago une honetan, eta hurrengo urteetako lehentasuna izango da zerrenda horretako artikuluak sakontzea.