Erronka digitala ulertzeko ikas-egoera prest
2024an Wikikasi izeneko ekimena abiatu genuen, Wikimedia darabilten ikas-egoera libreak egiteko, Talaios Kooperatibarekin batera. 2024an HUHEZI ere bidaide izan genuen. Oraingoan 6. ikas-egoera aurkeztu nahi dizuegu, Badalabekin batera egin duguna: Erronka digitalak. Ikas-egoera guztiz modularra da, digitalizazioak sortzen dituen eztabaida eta arazoen inguruan ikasi eta pertsonen, naturaren eta herrien errespetuan oinarritutako zerbitzu bat sortzea helburu duena. Bidean, Ikusgelako “Erronka Digitalak” bideoekin ikasteko gonbidapena egiten da.
Ikas-egoera modularra
Orain arte sortu ditugun ikas-egoera gehienek sekuentzia bat eskaintzen zuten, saio bakoitza aurrekoaren gainean eraikiz. Ikas-egoera honek sekuentzia bat proposatzen badu ere, aukera eskaintzen du eremu batean gehiago sakontzeko, edo ikas-egoera guztia egin gabe ere, erronka zehatz bati eusteko. Horrela, 14 saio pentsatu ditugu, baina gutxiago edo gehiago sakondu irakaslearen esku dago guztiz. Ekonomia digitala, irisgarritasuna, hizkuntza edo adimen artifiziala gehiago jorratu nahi dituzula? Arazorik ez! Horietan sakontzeko materiala eskuragarri izango duzu.
Digitalizazio kritikoa helburu
Ikas-egoeraren helburua digitalizazioak sortzen dituen erronkei heltzea da. Horretarako Ikusgela proiektuan sortu ditugun Erronka Digitalak bideoak erabiltzeko gonbidapena egiten du.
Ikas-egoerak digitalizazioaren historia, ekonomia digitala, segurtasuna eta pribatutasuna, jabetzaren auzia, adimen artifizialaren arazoa, burujabetza digitala edo arrakala ugari lantzeko bideak jasotzen ditu. Euskararen mugei buruz edo gure hautu teknologikoek sortzen dituzten arazo ekologikoen inguruan eztabaidatzeko jarduerak ditu, eta puntako baliabideak eskaintzen ditu ariketa horiek garatu ahal izateko.
Zuzenean erabiltzeko prest
Beste ikas-egoera guztiak bezala, zuzenean erabili daiteke. Kasu honetan DBH 2ko konpetentzietarako moldatu da, baina esfortzu oso txikiarekin DBH 3n ere erabil daiteke. Aurkezpenean adierazi zen bezala, “Plug&Play” edo “Pret-a-porter” moduan dago pentsatuta. Argudiaketa kurrikular osoa, konpetentzien azalpen zehatza eta jarduera bakoitzaren errubrika jasotzen dira. Erabili nahi duzula? Hemen lotura: https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza/Wikikasi/Erronka_digitalak