Wikipediako Asiaren Hilabetea nazioarteko proiektua da, urtero azaroan ospatzen dena. 2015ean abiatu zenetik, milaka artikulu sortu eta hobetu dira, helburua izanda Asiako herrialdeei buruzko ezagutza zabaltzea. 2025ean, EWKEk eta euskal wikilariok India hartu genuen ardatz; aniztasun kulturala, gastronomia, geografia eta historiaren altxorra bateratzen baititu. 

Azaroaren amaierarekin batera bukatu da Wikipediako Asiaren Hilabetea, eta atzean utziko dugu parte-hartze handiko hilabete aberatsa.

Emaitza ikusgarriak: 700 artikulu baino gehiago

500 artikulu baino gehiago zeuden proposamen-zerrendan, baina komunitateak hori gainditu du, eta asko eta asko beste interes propioetatik sortutakoak izan dira. 

Euskarazko Wikipedian 700 artikulu baino gehiago sortu, hobetu edo eguneratu dira, komunitatearen ahaleginari esker. Gainera, orain, Indiari buruzko 187.597 hitz gehiago, 5.783 erreferentzia bibliografiko eta 621 irudi daude. 

Hil bakarrean kopuru hori lortzea, euskal komunitatearen borondate eta lan kolektiboaren isla da. Indiarekin lotutako gai guztietan aritu gara lanean: Historia eta geografia, herri eta hiri nagusiak, erlijioak eta mitologiak, ekonomia, zinema, kultura, hizkuntzak, kirola, gastronomia eta biografiak


Hilabete oparoa izan da, eta egindako lan guztia hemen geratuko da, ezagutza librearen bidez etorkizuneko erabiltzaileei ere laguntzeko.

Zorionak parte hartu duzuen guztioi, eta jarrai dezagun elkarrekin Wikipedia euskaraz handitzen eta aberasten.

Datorren erronkan ikusiko dugu elkar!