Azaroan hasiko da Asiaren Hilabetea Wikipedian, eta aurten gure begirada India aldera doa. Hilabete honetan, euskal wikilariek bat egingo dute mundu osoko komunitateekin, Asiari buruzko euskarazko ezagutza zabaltzeko helburuarekin.

Wikipediako Asiaren Hilabetea nazioarteko ekimena da, eta urtero azaroan ospatzen da. 2015ean abiatu zenetik, Wikipediako komunitateek milaka artikulu sortu eta hobetu dituzte Asiako herrialdeei buruz. Ordutik, 28.000 artikulu baino gehiago gehitu dira 60 hizkuntzatan, eta 2.000 wikilarik baino gehiagok hartu dute parte.

2025ean: India izango da ardatza

2025ean, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak Indiari buruzko edizio kolektibo bat antolatu du. Helburua: euskarazko Wikipedian herrialde horren inguruko ezagutza zabaltzea eta aberastea.

India munduko herrialderik populatuenetakoa da eta Hegoaldeko Asiako handiena. Bere mugetan aurki ditzakegu mendirik altuenak, biztanle gehien dituzten hiri handienetako batzuk eta ibai luze eta oparoenak. Herrialdeak historia aberatsa, kultura aniztasun zabala, eta erlijio, mitologia eta praktika bilduma erraldoia ditu. Gainera, gastronomia ospetsua dauka, 68.000 kilometro trenbide baino gehiago, eta mundu mailako film industriarik handiena, Bollywood. Indiak tradizio eta modernitatearen arteko oreka berezia eskaintzen du, eta horrek aukera ugari ematen ditu Wikipedian haren inguruko edukiak sortzeko eta hobetzeko.

Nola parte hartu

Parte hartzea erraza da:

500 artikulu baino gehiago proposatu dira abiapuntu gisa, baina bakoitzak bere intereseko gaiak landu ditzake askatasunez, eta proiektu horretan gehitu.

Sariak

Parte-hartzaileen artean sariak banatuko dira:

  • 1. saria: 100 €-ko kultura bonua
  • 2. saria: 50 €-ko kultura bonua
  • 3. saria: 50 €-ko kultura bonua

Batu zaitez ekimenera

Azaroa hilabete aproposa da Indiari buruzko euskarazko edukiak zabaltzeko eta euskal wikilarien komunitatea indartzeko. Egin zure ekarpena, eta lagun dezagun elkarrekin Asia eta India hobeto ezagutzen euskaraz.