Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak (EWKE) martxan jarri dugu Euskal Herriko historia 100 objektutan proiektua, Euskal Herriko museoetako objektuen bidez gure iraganaren pasarteak kontatzeko eta partekatzeko egitasmoa.

Helburua argia da: euskarazko ezagutza librea zabaltzea eta gure ondare historikoa ikusgarri egitea, museo eta erakunde kulturalekin elkarlanean.

Proiektua 2024-2027 epealdian garatuko da, eta Euskal Herrian lehen aldiz egingo den izaera kolaboratiboa duen ekimen hau mundu mailako proiektu arrakastatsuetan oinarritzen da.

Gure historia, 100 objekturen bidez

Zer konta dezake makila zahar batek, zeramika puska batek edo txanpon zahar batek?

Euskal Herriko historia 100 objektutan proiektuarekin galdera horiei erantzun nahi diegu, historia ofizialetik harago, gure iraganaren hari sotil eta hurbilak berreskuratzeko.

Museoek eta bestelako GLAM erakundeek (Galeriak, Liburutegiak, Artxiboak eta Museoak) lagundu dute ehun objektu historikoen zerrenda hautatzen.

Objektu bakoitzak bere istorioa du: izan daiteke historiaurreko tresna bat, dokumentu bat edo eguneroko objektu bat, baina guztiek gure herriaren memoria eta iruditeria jasotzen dute.

Zerrenda osoa eta objektu bakoitzaren fitxa ehunobjektu.eus webgunean daude ikusgai.

Gainera, edukiak hainbat euskarritan eskainiko dira:

  • Wikipediako artikuluak eta Txikipediako bertsio egokituak
  • Wikimedia Commons-en irudi galeriak
  • Eta idazle gonbidatuek sortutako testu literarioak, objektu bakoitzaren esanahia eta testuingurua aberastuz

Eta orain… podcast eta komikia

Proiektuaren garapenaren barruan, “Euskal Herriko historia 100 objektutan” podcasta ere aurkeztu dugu, Berriarekin elkarlanean.

Podcastaren helburua da objektu horien istorioak ahots eta kontakizun literarioen bidez zabaltzea.

Hamar idazlek sortu dituzte gidoiak:

Harkaitz Cano, Aintzane Usandizaga, Iñigo Aranbarri, Garbiñe Ubeda, Joseba Sarrionandia, Danele Sarriugarte, Eneko Bidegain, Cira Crespo, Eneko Barberena eta Amets Aranguren.

Atal bakoitzean Intza Alkainek jarri dio ahotsa, eta saioak asteartero argitaratuko dira Berriaren webgunean eta ehunobjektu.eus atarian.

Proiektuak, gainera, gaztetxoentzako komiki bilduma bat ere izango du lagun: Ikasi Otsorekin.

Eñaut Aiartzaguenaren marrazkiekin, asteazkenero argitaratuko da, eta podcastetan aipatutako objektuak marrazki eta kolorez jantzita azalduko ditu.

Txikipediako erabiltzaileek ezagutzen duten Otso pertsonaiak izango du gidari lana.

Proiektu kolektiboa, ezagutza librearen alde

Euskal Herriko historia 100 objektutan ez da proiektu itxia, ezta museoetan bakarrik geratzen den esperientzia bat ere.

Gure egitasmoak komunitateari gonbita egiten dio parte hartzera, eduki berriak sortzeko eta euskarazko ezagutza handitzeko.

Historia guztiek dute lekua, eta objektu bakoitzak gure iraganaren zati bat berreskuratzen du.

Euskarazko Wikipedia, Txikipedia eta Wikimedia Commonsek elkarrekin osatzen dute gure memoria kolektibo digitala.

Proiektu honek erakusten du ezagutza partekatuaren bidez historia idazteko beste modu bat badagoela: irekiagoa, herritarragoa eta guztion eskura dagoena.

Informazio guztia eta eduki guztiak hemen daude ikusgai: ehunobjektu.eus