Urriko azken egunetan Lisboan egin den GLAM Wiki konferentzian eta Mexiko Hirian egin den WECUDI konferentzian izan gara “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektua aurkezten. Entzuleek interes bereziarekin jarraitu dituzten hitzaldiak, eta proiektu berritzailea dela goraipatu dute.

Wikimedia mugimenduak egin ohi dituen nazioarteko konferentzietan parte hartzeko aukera izaten dugu euskal wikilariok. Kasku honetan, aldi berean izan diren bi konferentziatan izan gara. Alde batetik, Edurne Agirre Lisboan izan da, GLAM Wiki konferentzian, “Galeriak, liburutegiak, artxiboak eta museoak” eta Wikimedia mugimendua batzen dituen bi urtean behin egiten den konferentzian. Bertan, hitzaldi labur batean, Euskal Herriko historia 100 objektutan proiektua aurkezteko aukera izan du. Proiektuaren oinarriak, egindakoa eta aurrera begira ditugun multimedia proiektuak azaltzeko aukera izan du, eta entzuleen artean izan dira bestelako proposamenak egin dituztenak, tartean proiektuaren gamifikaziorako ideia batzuk.

Aldi berean Galder Gonzalez WECUDI konferentzian izan da, Mexiko Hirian. Konferentzia horrek Wikipedia, hezkuntza eta kultura digitalak batzeko asmoa du, eta wikilariak zein akademiako pertsonak biltzeko helburua du. Lehen edizioa La Platan egin zen, eta bigarren honetan ikuspegi kritikoa eta dekoloniala zuten proiektuak azaltzeko bideak egon dira. Gure kasuan, historia kontatzeko dugun proiektu honek “bestelako historiak eta ikuspuntuak” sartzeko aukera ematen duela defendatu dugu, eta antzeko proiektuak herri gutxietan aplikatzeko dauden aukerak aztertu ditugu, hitzaldi pixka bat luzeago batean.

Galder Gonzalez aurkezpenean. Argazkia: Carlota Murillo.

Bi hitzaldietan iragarri genuenez, aste honetan hasiko ginen podcastarekin eta komikiekin, eta Mexikoren kasuan spoiler txikia ere egon zen, oraindik argitaratu gabe zeuden baliabide horietako batzuk erakutsiz.