Euskal Herriko historia Txikipedian landu dute Oteitza Lizeoan
Euskal Herriko historia 100 objektutan lantzeko proiektua abiatu genuen euskarazko Wikipedian, eta dagoeneko martxa bizian da proiektua. Museoekin lanean ari gara argazkiak lortzeko, artikuluak lantzen eta hobetzen ari gara, eta laster aurkeztuko ditugun multimedia proiektu batzuk ere bidean dira. Baina bagenuen hutsune handi bat: objektu horien inguruan hitz egitea Txikipedian. Joan zen astean Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikoko Batxilergoko ikasleek 100 objektu horiek hartu eta, goiz osoko saioan, 48 artikulu landu zituzten, euren irakasleen eta Ikastoletako bideratzaileen laguntzarekin.
EWKE eta Ikastolen arteko harremana orain urte batzuk hasi zen, DBHko ikasleekin egiten dugun urteroko erronkarekin. Aurten erronka handiagoa bota genion Ikastolei: Euskal Herriko historia 100 objektutan lantzeko laguntza behar genuen, eta Batxilergoko ikasleekin egin nahi genuen. Esan eta egin. Urriaren 22an Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikoko 190 ikaslek goiz osoa eskuragarri zuten erronkari eusteko.
Goizeko 8:00etan hasita, hitzaldi orokor bat jaso zuten ikasleek, proiektuaren nondik norakoak ulertzeko. Ondoren, ikasleak euren geletan banatuta, iturrien inguruan, fidagarritasunaren inguruan edo sareko etiketaren inguruko lanak izan zituzten.

Azkenik, lauko taldetan antolatuta, talde bakoitzari objektu bat esleitu zitzaion. Objektu bakoitzarekin egin beharrekoa ariketa konplexua zen: alde batetik, objektua bera zer zen azaldu behar zuten; bestetik, bere testuinguru historikoan kokatu behar zuten. Hau da, objektu hori zergatik zegoen Euskal Herriko historia 100 objektutan proiektuaren baitan azaldu behar zuten. Horretarako Wikipediako artikuluak, museoetako webguneak eta kanpo iturriak zituzten. Egunaren amaieran Txikipedian artikulua argitaratu behar zuten.

Erronka handia zen, baina ikasle eta irakasleek oso ondo erantzun zuten. 48 artikulu berri sortu ziren Txikipedian, eta dagoeneko proiektuan dauden objektuen erdiak artikulua du Txikipedian. Ikusi nahi badituzu (eta artikuluak osatzen lagundu), proiektuaren webgunean TX botoia dutenak dira.