Wikimania 2025 Nairobin, munduko wikilarien topaleku
Euskal Herrian wikilariak dauden bezala, munduko txoko askotan daude ezagutza librearen aldeko ekintzaile eta entziklopedistak. Horiek biltzeko helburua du Wikimaniak, urtero munduko txokoren batean egiten den lau eguneko bilkurak. Hitzaldiak, tailerrak, konferentziak, eztabaidak eta bestelako ekimenak antolatzen dira, eta 2025ean Nairobin ospatu da, Kenyako hiriburuan.
Urteroko zita da Wikimania: euskal wikilariok ordezkaritza izan dugu bertan 2018an Italiako Esino Lario herri txikian egin zenetik. Montrealen, Lurmutur Hirian, Estokolmon, COVID-19 pandemiaren ondorioz online egin ziren bi saioetan, Singapurren edo Poloniako Katowicen izan gara, gure esperientziak partekatzen eta besteen esperientzietatik ikasten.
Aurten Ekialdeko Afrikako wikilariek antolatu dute Wikimania, Nairobiko Gigiri eremuan, Nazio Batuen Erakundearen egoitzetatik batetik gertu. Wikimedia Fundazioaren beka bati esker bertan izateko aukera izan dut, baita Wikimania hasi aurreko egunean egindako “Eskumen Hedatuko Wikilarien bilkuran”, hau da, proiektu desberdinetan administrazio lanak egiten dituztenen bilkura berezi batean.
0 eguna: Eskumen Hedatuko Wikilarien bilkuran

Wikipediak funtziona dezan, arazoak kudeatuko dituzten boluntarioak beharrezkoak dira. Euskarazko Wikipedian administratzaile deitzen diegu horiei: komunitateak hautatzen ditu, eta gaizki sortutakoak ezabatu, bandaloak blokeatu eta bestelako jarduerak egiteko aukera dute. Orain arte ez zen egin horien bilkurarik, eta Wikimaniaren aurreko eguna probestu zuen Wikimedia Fundazioak jardunaldi berezia egiteko. Administrazio tresnen, behar berezien eta ikuspuntu neutralaren inguruan egiten ari diren eztabaiden berri izan zen bertan, egun osoko programaren baitan.
Wikimania: hitzaldiak, tailerrak eta elkarrekin ikastea
Zaila izaten da leku berri batera iritsi eta nola dagoen antolatuta ikastea. Horregatik interesatzen zaizkizun hitzaldiak galtzeko aukera ere egoten da! Konferentzia gunea hotel/zentro komertzial baten barruan zegoen, hiru pisutan banatuta. Azken urteotan eventyay izeneko plataforma erabili da Wikimanian hitzaldiak antolatu eta nabigatu ahal izateko.
Orain arte, Wikimania gehienetan, hizkuntza eta hezkuntza gaietara joatea hobetsi dut, baina aurten museoekin egiten den lanari buruz gehiago ikasteko aukera baliatu nahi nuen. Horregatik hitzaldien aukeraketa eklektikoa izan da. Lehen egunean instituzioekin argazkien baimenak kudeatzeko erabiltzen den VRT sistema gehiago ezagutzeko aukera izan dut, eta artxiboak Wikimedia Commonsera igotzeak duen garrantzia aipatzen zuen hitzaldi batera joan naiz. Tarte bat probestu dut Our World in Datako bisualizazioak euskarazko Wikipedian nola sartu ikasteko, proiektu horren aitzindari baikara, MDwikiko lagunen garapen teknologikoarekin. Eta, goiza amaitu aurretik, Japonierazko Wikipedian kurduen aurka dagoen jarreraren berri izan dut, mundu mailan eskuin muturrak migratzaileen aurka duten jarreraren beste gudu-zelai bat.

Luisalvaz
Arratsaldez, Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrendari buruzko hitzaldian egon nintzen, eta euskal komunitatearen esfortzua aipatu zen bertan. Annie Rauwerdak Depths of Wiki orrialdeari buruzko umorezko hitzaldia eskaini zuen ostean, eta beno… umore pixka bat beti dago ondo. Ondoren, GLAM proiektuetan erabiltzeko tresnen inguruko tailerrean, eta Hego Amerikako wikilariek memoria historikoa berreskuratzeko egindako lanaren mahai-ingurua jarraitu nituen, irekiera ekitaldia ikusi aurretik. Irekiera ekitaldian urteko wikilariak ere iragarri zituen Jimmy Walesek.
Hurrengo egunean AAk gure proiektuetan duen eraginari buruzko hitzaldia jarraitu nuen, talde argazkian parte hartu aurretik. Ikerketak garrantzi handia du edozein proiektutan, eta horregatik gustatzen zait urtero egiten den Wikimediaren gaineko ikerketa laburpen hitzaldira joatea. Eta, ondoren, 5 minutuko hitzaldien tartean ere parte hartu nuen, “Unpopular opinions” deitzen den saio interesgarrian: nahi zuenak 5 minutu zituen probokatzailea zen proposamen bat egiteko, erdi broma erdi serio. Maiz, umoreak laguntzen du aurrera egiten!
3. egunean ikerketa gaiekin jarraitu nuen, eta Wikimedian multimediak duen garrantziari buruzko saioan egon nintzen, non Ikusgela ere aipagai izan zuen hizlariak. Erronka handiak daude eremu horretan, atzean geratzen ari baikara plataforma gisa, hizlariek argi utzi zutenez. Goiza amaitzeko, beste proposamen bitxi bat: nola hitz egin usaimenari buruz Wikimedia proiektuetan. Tarte horretan bilera egin nuen Wikimedia Frantziarekin, laster abiatu nahi dugun proiektu baten inguruan (bai, Wikimania bilerak egiteko lekua izaten da). Eta, arratsaldeko saioekin amaitzeko, beste 5 minutuko hitzaldien ziklo bat, non Jimmy Wales bere liburua saltzen saiatu zen. Ah… eta Karaoke arratsaldea… baina hori beste kontu bat da.

Aitortzen dut: azken goizean turismo pixka bat egiten nuen, hainbeste egun hoteleko pareten artean eman eta gero. Goizean beste wikilari batzuekin safari bat egitera joan ginen Nairobiko Parke Nazionalera, hirian bertan dagoen gune naturala. Baina eguerdirako bueltan ginenez, aukera izan nuen Wikimedia darabilten joko eta jolasen hitzaldia jarraitzeko, eta Wikimedia Fundazioak bultzatu duen ikuspuntu neutralaren inguruko nire iritzia emateko, proiektua kudeatzen ari den wikilariarekin bilkura luze bati esker.

Itxiera ekitaldia eta gero, festa. Eta, festatik atera eta gutxira, bueltako hegaldia. Hurrengo urtean Parisen izango da Wikimania, eta espero dut euskal wikilariok parte-hartze zabala eraman ahal izatea bertara.