Wikikasi eta Ikusgela aurkeztu ditugu EduWiki 2025 konferentzian Bogotan
Hezkuntza eta Wikipedia lotzen dituzten proiektuen topaleku izaten da EduWiki konferentzia. Aurten bere hirugarren edizioa ospatu du maiatzaren 30etik ekainaren 1era, oraingo honetan Bogotan (Kolonbia) eta EWKEko hezkuntza proiektuek ere izan dute lekua bertan.
Bi urtean behin ospatzen den jardunaldi honek Donostian izan zuen lehen edizioa, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak antolatuta eta aurtengo edizioan ere elkarteko bi kide izan gara bertan parte hartzen. Munduko beste txokoetan egiten diren esperientziak ezagutzeaz gain, etxean egiten ditugunak elkarbanatzeko aukera izan dugu.
Alde batetik, Talaiosen laguntzarekin eta HUHEZIren aholkularitzarekin garatutako Wikikasi-ri buruz hitz egin dugu, Wikimedia darabilten ikas-egoera libreak sortu eta praktikan jartzea helburu duen proiektua. Proiektu berri hau martxan jarri eta garatzerakoan topatutako zailtasun eta erronkak aipatzen saiatu gara, besteak beste.

Horretaz gain Ikusgelari buruz hitz egiteko aukera ere izan dugu. Mundua ulertzen laguntzen diguten bideo pedagogikoen proiektuak 3 urte bete ditu dagoeneko eta konferentzia aukera polita izan da orain arte egindakoaren errepaso bat egiteko. 2022ko maiatzean abiatu genuenetik 170 bideo baino gehiago argitaratu ditugu jada Ikusgelaren bidez, 10 sailetan banatuta. Eta bideo hauek Wikipediako 524 artikulu baino gehiagotan topa daitezke, idatzizko entziklopediari ikusentzunezko informazioa gehituz.
Plazerra izan da beste behin ere munduan zehar hezkuntza eta Wikipedia uztartuz lanean ari diren beste hamaika lagunetik esperientziak konpartitzea!
1 comments