Artxiboen Nazioarteko Eguna, Caracasko Konpainiarekin
Ekainaren 9an Artxiboen Nazioarteko Eguna ospatzen denez, gaur igo dugu Caracasko Konpainiaren artxiboaren lehen zatia Commonsera. Donostian zegoena ingelesek erre zuten, baina egunotan EWKEko bi kidek Caracasen egindako lanari esker, Venezuelako hiriburuan dagoen artxibo zatia ezagutu eta dokumentatu ahal izan dugu.
Aurreko batean kontatu genizuen “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuarekin museoekin lanean ari ginela, bertan dugun aberastasuna dokumentatzeko saiakeran. Zerrendan dugun objektuetako bat Itsas Museoan dagoen Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren akzio bat da. Konpainiaren inguruan artikulu sakona dugu gurean, baina dokumentazio grafikoa eskasa da. Gipuzkoako Artxibo Historikoan ere konplexua da egoera, Donostiako sutean erre baitziren konpainiaren artxiboak.
Egunotan bi wikilari Bogotára WikiEdu konferentzian parte hartzera joan behar ginela probestuz, eta Simón Bolívarren museoarekin Caracasen bisita bat genuela ikusita, Caracasko Konpainiaren dokumentazioa egiteko aukera baliatu dugu. Horretarako, Caracasen bizi den lagun baten eta Bilbon Venezuelak duen kontsulatuaren laguntza izan dugu. Jarraitu beharreko lehen pista La Guairan Konpainiak zuen etxea bisitatzea zen.

Caracasko kontaktua bertara joanda, artxiborik ez zuen topatu. Han esan zioten akaso Liburutegi Nazionalean egongo zela. Liburutegi Nazionaletik ezetz, Artxiboan egon zitekeela. Eta Artxiboan baietz, han bazela zerbait. Eta kontaktua eginda, eurekin lanean hasi ginen hemendik. Joateko astebete falta zela, itxaropentsua ez zen mezua jaso nuen: bertan dagoena ez da Konpainiaren artxiboa, baizik eta Probintziak zuen ogasuneko dokumentazioa, Konpainiari buruz hitz egiten zuena. Kutxa asko zeudela, eta egunak beharko genituzkeela zer ote zegoen jakiteko. Noski, guk ordu batzuk baino ez genituen.

Hala ere, joan zen astean gerturatu ginen artxibora. Eta, gure sorpresarako, astebete lehenago esandako mezua ez zen zuena. Raúl Jiménezek hartu gintuen, Venezuelako Nazioaren Artxiboko arduradunak, hiru liburu zituen kutxa baten barruan: “oker nengoen, bagenuen, eta ondo antolatuta”. Hiru liburu horiek mekanografiatutako aurkibidea ziren, eskuz idatzitako beste 49 liburu handiren barruko edukiarekin. “Nahi dituzuen argazki guztiak atera ditzakezue”. Eta horretan jarri ginen.

Gaur, Artxiboen Nazioarteko Egunean, hiru liburuetako bat (II.a, arrazoi teknikoak direla eta) Wikimedia Commonsera igo eta Wikisourcen testua lantzeko gai jarri dugu. Laster beste bi aurkibideak eskuragarri jarriko ditugu, eta Gipuzkoako Artxibo Historikoaren esku jarriko dugu edukia. Artxiboak ere maite ditugulako.