Euskal Wikilarien Kultura Elkartea Wikimedia Europa taldearen parte da, eta horregatik Pragan ospatutako 2025eko Batzar Orokorrean hartu dugu parte apirilaren 25-26an. Bertan orain arte bidea onetsi, zuzendaritza berria hautatu, eta Wikimedia Europa barneko sarean dauden gaitasun, ikuspuntu eta beharren diagnostikoarekin estrategia prozesu laburra abiatzea adostu dugu.

2023an sortu zen Wikimedia Europa, kontinenteko esparruetan eragin eta bertan dauden hamarnaka wikilari kapitulu eta taldeen arteko koordinazioa hobetzeko asmoz. Bruselan du egoitza, eta Europar Batasuna zein Europako Kontseiluaren testuinguruan aritzen da, bai bertan hartzen diren erabaki politikoak eta legislatiboak taldeei azaltzeko, baita sor daitezkeen finantzaketa programen berri emateko, adibidez, Erasmus+ bezalako programak.

Orain arte behin-behineko zuzendaritza batekin aritu da, baina iaz Pragan egin zen batzarrean adostu zen aurten hauteskunde bidezko zuzendaritza berria hautatzea. Hori ere egin dugu, noski, bi eguneko batzarrean izandako eztabaiden parte.

WMEUko lantaldeak aurkeztutako gaien artean talde guztien mapa izan da, bakoitzaren testuingurua, egitasmo eta ikuspuntuak batzeko saiakera bat. Horrelako ariketa funtsezkoa da estrategia komuna izateko: zertan bat egiten dugun, zertan ez, eta zer ikusten dugun funtsezko aurrera begira aritzeko.

Aurrera begirako plana ere onartu dugu, hemendik eta urte amaierara arte estrategia bat definitzera eramango gaituena. Eztabaida estrategiko laburra izango da, baina funtsezkoa aurrerantzean WMEUk izango dituen funtzioak eta egitekoak definitzeko.

Batzar formalaz gain, elkarren arteko formakuntza ere izan dugu, hitzaldi, aurkezpen eta tailerrekin, eta AAren inpaktuaren inguruko mahai-inguru bat Txekiako Aurrezki Kutxaren egoitzan.

0 comments

XHTML: You can use these tags: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>