Maiatzaren 18an mundu osoan ospatzen du Museoen Nazioarteko Eguna. Azken urtean EWKEk museoetan dugun aberastasuna ikustarazi eta Euskal Herriko historiari buruzko ezagutza areagotzeko proiektua abiatu du: Euskal Herriko historia 100 objektutan. Objektuen inguruan kontakizuna egin nahi dugu, eta horretarako hainbat museo bisitatu ditugu, lankidetzak egiteko gogoz daude instituzioak.

Museo ugari ditugu Euskal Herrian. Batzuk orokorrak dira, adibidez Donostiako San Telmo Museoa, beste batzuek artea dute, adibidez Arabako Arte Ederren Museoa. Badira espezializatuak, Burgiko Almadiaren Museoa edo Concha meategiaren hegian dagoen Meatzaritzaren Museoa bezalakoak. Edo bilduma irekirik ez diren baina objektuak bildu, antolatu eta aztertzen dituztenak, Lizarrako Museo Etnologikoa edo Irungo Gordailua bezala. Euskal kulturaren bilduma du Baionako Euskal Museoak, eta karta-jokoak biltzen ditu Gasteizko Fournier Museoak. Guztiek dute altxorren bat, gehienetan altxor bat baino gehiago, eta horiekin kontatu nahi dugu Euskal Herriko historia.

Gure herriko historia kontatzea ariketa zaila da, eta kontatu nahi ditugun 100 gertakari, teknologia edo prozesu kontatzea, are eta gehiago. Baina EWKEn zailtasunak maite ditugu, eta ez da soilik 100 pasarte historiko kontatu nahi ditugula: eurekin lotutako objektu baten bidez egin nahi dugu. 2024-2027 egitasmoan “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektua jarri genuen martxan, eta geroztik hainbat wikilari han hemenka gabiltza, museoak bisitatzen, informazioa eskatzen, argazki saioak antolatzen eta objektuak dokumentatzen.

Jean Etchebarneren gerra kaskoa, Adrian motakoa, Nafarroako Julio Caro Baroja Museo Etnologikoa. Jean Etchebarne Lehen Mundu Gerran bi aldiz desertatu zuen zuberotarra izan zen. Lizarrara iritsi zen, neguan Pirinioak zeharkatuta, eta euskaraz egiteagatik salbatzea lortu zuen. Intsumisioa Euskal Herrian kontatzeko objektu bikaina da.

Zerrenda osatzea

Lanik zailena zerrenda osatzea izan da: objektuak soberan ditugu. Azken urtean ohikoa izan da “hauxe sartu beharko zenukete” esaldia entzutea, baina “zein kenduko zenuke?” galderari erantzunak ez dira hain ohikoak. Akaso, kanpoan geratu diren objektuekin beste ehuneko zerrenda bat egin genezake. Badira antzeko objektuak museo batean baino gehiagotan: “zein da kanpai-formako ontzien kultura aipatzeko erabiliko duguna?”. Eta… nola kontatuko dugu Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian? Gernikan bonbardaketa sufritu zutenei lotutako objektu baten bidez, edo Lizarrako Karlismoaren Museoan dagoen erreketeen aldare mugikorraren bidetik? Zein leku du bitxikeria historikoak (Arabako Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoan dagoen Ama Birjinaren ilearekin egindako erlikia), fetitxismoak (Abertzaletasunaren Museoaren bilduman dagoen Agirre lehendakariaren idazmakina) edo objektu bakanek (Azpeitiko Burdinbidearen Museoan dagoen 24 orduko lehen erlojua)?

Zerrenda osatzeko hainbat irizpide erabili ditugu, tartean gure buruari jarritako muga zail bat: objektua ez izatea gertakaria kontatzeko berariaz sortua (adibidez, Picassoren Gernika margolana). Saiatu gara garai historikoen arteko oreka izaten, baita lurralde-oreka mantentzen ere. Pertsona zehatzek erabilitako objektu gehienek gizonezko izena dute: orekatzen saiatu gara emakumezkoen esku geratu diren objektu etnologikoak sartuta. “Gerra gehiegi sartu dituzue” esan zigun EHUko Antropologia irakasle batek; “Historiaurrea garapen teknologikoaren bidez kontatu beharko zenukete” gomendatu ziguten Letren Fakultateko beste bi irakaslek. Eta izan dira ere “beste museo hartan adibide hobea duzue” zintzotasun osoz esan diguten museo teknikariak ere.

Baina uneren batean zerrenda itxi behar zen, eta dokumentuekin gertatzen den bezala “definitiboa_2_zuzendua_inprimatzeko-ona” izeneko zerrenda dugu jada proiektuaren webgunean.

Arabako Arkeologia Museoan dagoen “Los Gorosko krisketa”. Hasiera batean zerrendan sartu, gerora atera, eta azkenean bueltatu den objektua da. Erromatar boterea erorita, baskoiek hartu zuten Veleia-Iruñea-Pirinioak lotzen zituen Ab Asturica Burdigalam bidearen kontrola. Los Gorosko krisketa garai ilunetako baskoi horietako batena zela proposatu dute berriki argitaratutako tesi batean.

Egiteke duguna

“Dena dugu egiteke” esaldia erabiltzen da maiz. Gure kasuan ez da egia: asko egin dugu, baina egiteke duguna gehiago da. Hurrengo bi urteotan Euskal Herriko historiari buruzko artikuluak hobetzeko hainbat jarduera egingo ditugu, eta objektu bakoitza bere testuinguruan (batzuek, testuinguru batean baino gehiagotan) jartzeko asmoa dugu.

Objektu bakoitzari lotutako produkzioa ere bultzatuko du EWKEk, lantzen ari garen Podcast baten eta Ikasi Otsorekin saileko komikien bidez. Hala ere, idatziko dugu horren inguruan beste mezu batean.

Meatzaritzaren Museoaren barruan, bigarren museo bat dago: Dolores Ibarrurirena izan zen liburutegia. Bertan aurkituko dituzu Euskal Herriko industrializazioa eta langile mugimenduaren oinarriak ezagutzeko funtsezkoak diren hainbat objektu.

Eta zuk ere asko egin dezakezu, noski. Historiari buruz idatzi dezakezu, euskarazko Wikipediako artikuluak hobetuz. Artikuluen arteko lotura hobeak egin ditzakezu, batean falta zaiguna bestearekin osatuz. Baina gaur Museoen Nazioarteko Eguna da, eta horregatik gonbidapen berezia egin nahi dizugu: museoak bisita itzazu, bertan dagoenaren inguruan galdetu, eta dokumenta ezazu. Museoetan milaka objektu ditugu, eta bakoitzak badu atzean historia bat, istorio bat, pertsona bat edo batzuk. Guk zerrenda bat osatu dugu, baina Euskal Herriko historia kontatzeko beste asko egon litezke. Anima zaitez, eta gaur bertan joan zaitez gertu duzun museo batera. Ez zara damutuko!