Azken urteotan aldaketa nabarmena bizi dugu hezkuntzan, eta ikas-egoerak ikasleen konpetentzien inguruan sortutako aldaketa horren lekuko dira. Horregatik, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak, Talaiosen laguntzarekin eta HUHEZIren aholkularitzarekin Wikimedia darabilten ikas-egoera libreak argitaratzea erabaki dugu. Dagoeneko lehenengo laurak sarean ditugu, zure ikastetxean erabiltzeko prest, Wikikasi deitu dugun ekimenaren parte.

EWKE sortu genuenetik Wikipedia eta hezkuntza bateratzeko proiektuak garatzen aritu gara. Unibertsitateekin izan gara lanean, batez ere, baina Bigarren eta Lehen Hezkuntzan ere proiektuak egin ditugu. Azken urteotan, LOMLOE legea dela eta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan ikas-egoerak erabiltzeari ekin diote, baina irakasleek zailtasunak dituzte horiek garatzeko. Aldaketa gehiegi, eta denbora gutxiegi. EWKEk lagundu nahi du, eta hainbat ikasgai bateratzen dituzten ikas-egoera libreak argitaratzeari ekin diogu.

Proiektuaren lehen fasean Talaios Kooperatiba izan dugu bidelagun, eta HUHEZIren aholkularitza proiektu pedagogikoa garatu eta konpententzia digitalen markoa ahalik eta hoberen erabiltzeko. Lehenengo ikasturteko lanak eginda, DBHn erabil daitezkeen lau ikas-egoera argitaratu ditugu jada.

Ikas-egoerak

  • Gelako geografia-aniztasuna Wikipedian lantzen ikas-egoera DBH 1en erabiltzeko modukoa da, gelara iristen diren jatorri anitzeko ikasleak hartu eta, elkarrekin, kulturartekotasuna eta euskara lantzeko helburuarekin.
  • Emakumeak Wikipediara ekartzen: DBH 3-4ko ikasleentzat egokitutako ariketa da, Wikipedian edo Txikipedian emakumeen biografiak egin eta genero-arrakalaren inguruan jarduteko sortuta.
  • Inguruko landareak dokumentatzen: DBH 4ko ikasleentzat, landare-itsutasuna eta ekosistemak hobeto ulertu, eta teknologia libreekin landareak identifikatu, sailkatu eta horien inguruko bideo laburrak egiteko proposamena da.
  • Gure herriko eraikinak: DBH 3n lantzeko, gure herriko ondare eraikia hobetu ulertu, dokumentatu eta argazki bidez azaltzeko proposamena da. Adierazpen artistikoa, hizkuntzak eta historia batzeko proposamen berritzailea.
  • Eta laster gehiago izango ditugu!

Nola jar ditzaket martxan?

Zure ikastetxean ikas-egoera horietako bat martxan jarri nahi baduzu, egin beharreko gehienak bertan dituzu. Azalpen kurrikularrak, konpetentzien azalpena, errubrikak eta material gehigarria bertan duzu. Hala ere, laguntza behar duzula uste baduzu, EWKE bidelagun izateko prest dago. Idatzi hezkuntza [a] wikimedia [puntu] eus helbidera, eta plazer handiz izango gaituzu ondoan.

1 comments