Hitzak opari: edizio lehiaketa eta ekitaldia HUHEZI fakultatean
Gaurdanik eta hilaren 31 bitartean, edizio lehiaketa berria abiatzen da euskarazko Wikipedian: Hitzak Opari. Zenbait eragileren elkarlanaren emaitza da hau, eta ekitalditxo bat ere izango du ekimenak datorren astean, hilaren 21ean, performance eta topaketatxoa Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatearen Aretxabaletako campusean, 11.00etan.
Azken urteetan Kutxa Fundazioak egitasmo bat antolatu izan du, Hitzetatik Ekintzetara izenekoa, Garapen Jasangarrirako Helburuak sustatzearen aldekoa: Hiri eta Komunitate Jasangarriak izan zituen jomugan proiektuak iaz, eta aurten Hizkuntza eta kultura aniztasuna dira gaia. Horra begira zenbait ekitaldi eta ekimen antolatu dira (agenda ikus hemen) eta horietako bat da Hitzak Opari deiturikoa, antolatu dutena elkarlanean Mondragon Unibertsitateak, DAB dantza konpainiak, eta CodeSyntax eta Eragin enpresek.
Hitzak Opari ematea da… horixe, elkarri hitzak eskaintzea. Norberarentzat esanguratsu izan daitezkeen hitz kutunak, lotuta euskal kulturarekin adibidez (horrela osatu da lehen zerrenda lehiaketan), elkarbanatzea. Maiatzaren 21eko ekitaldian elkarri banatuko zaizkio hitzak, eta ariketa egingo da berriak sortzeko ere. Hortaz, lehiaketako zerrenda aberastu daiteke maiatzaren 22an, Aretxabaletan bildutako termino gehiagorekin. Era berean, hilabete hasieratik Huheziko Ikus-entzunezkoen Graduko ikasleak aritu dira Wikipedian editatzen trebatzeko ariketetan, eta haietako batzuek editatu eta aberastu dituzte zenbait artikulu… Hau da, maiatzak 15 abiatu arren lehiaketa hau, ikasle horiek maiatzaren 1etik editatu dituztenekin abantaila pixka bat izango dute, lehiaketaren puntu zenbaketa hilanbete hasieratik kontatzen delako. Tira, ikasleak animatzeko oparitxoa bat, ez zaigu inor haserretuko. Dena dela, lehia irekia izango da aurrerantzean, eta sariak politak, 1.a 125€ko kultura bonoa; 2.a 75€koa, eta 3.a 50€koa.
Maiatzaren 21eko ekitaldiari dagokionez, Aretxabaletako kanpusean, goizeko 11.00etan. Irekia da, ez bakarrik bertako unibertsitate komunitatearentzat; hurbiltzerik baduzue, ongi etorriak izango zarete. Osagarri zenbait izango ditu, performance sorpresatxoa, sormen ariketa, bertsolari gonbidatuak… Hitzak jaso eta oparitzeko prest bazaude hantxe aukera bat; eta gero, baita Wikipedian ere, lehiaketa honetan eta edozein unetan, aberastu gure hitz kutunen artikuluak, eman opari jakintza entziklopedia librearen bidez.
Hitzak Opari lehiaketaren orria: Labur.eus/hitzakopa