Irudia: Niessengo emakumeen 10. senidetzen eguna, 1960.

Ez da lorpen makala: Euskarazko Wikipediak 24. postua lortu berri du emakume biografia kopuruan, 24.000 emakume baino gehiago jasota, hebreera gaindituz. Datu hauekin, 50.000 biografia baino gehiago dituzten hizkuntzen artean lehenengoa da emakumeen ehunekoan, %32,8-rekin. Etengabeko hazkuntza horren atzean wikilari askoren lana dago, tartean WikiEmakumeok taldeek egindako esfortzu itzela.

Orain zortzi urte sortu genuen Wikipedia:Genero oreka deitzen den orrialdea, emakumeen biografia kopuru txikiaz ohartarazteko balio duena. %13,63 baino ez ziren orrialdea abiatu genuenean, eta ohiko entziklopedia inprimatuetan bezala, gizonezkoek hartzen zuten espaziorik handiena, biografia guztien %86,3 izateraino. Egoeraz konturatuta, buelta emateko lanean hasi ginen.

2025: biografien herena emakumezko

Bi erronka jarri zituen Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak bere 2024-2027 planean: biografia kopuru osoaren herena, gutxienez, emakumezkoak izatea batetik; guztira 30.000 emakume biografia baino gehiago edukitzea, bestetik. 2025eko martxoan bi erronketako bat lortzear gaude, biografien %32,8 emakumezkoak baitira jada, ia hiru biografiatik bat.

Bigarren erronka ere bide onetik doa, 2024ko urtarriletik 2025eko martxora bitarte 6.700 emakume biografia gehitu baititugu (eta 4.650 gizonezko). Horrela, Wikipediako hizkuntza guztien artean 24. postua lortu dugu emakume biografia kopuru absolutuan, hebreera gainditu berri. Orain hilabete batzuk hungariera ere gainditu genuen, eta aurretik dugu orain hizkuntza oso indartsu bat: turkiera. (Datuak maiz gaurkotzen dira hemen). Erritmo horretan, hurrengo urteko martxoaren 8a iristerako lortuko genuke 30.000 emakume biografia edukitzea.

WikiEmakumeok, etengabe akuilu

Igoera ikusgarri horren atzean wikilari askoren etengabeko lana dago, baina bada guztia iraultzeko gai izan den ekimen bat: WikiEmakumeok. Durangon lehenengo, Oiartzunen ondoren, eta Artea, Ondarroa eta Lekeition, beranduago, talde horiek sortu zirenetik 9.000 emakume gehitu dituzte euskarazko Wikipedian. Bestela esanda, bost herritan dauden taldeek biografien herena baino gehiago gehitu dituzte, Euskal Herriko zein munduko milaka emakume interesgarri gurera ekarrita. WikiEmakumeok taldeetan parte hartzen duten gehienak emakumeak dira ere, wikilarien artean zegoen gizonezko editoreen kopurua orekatu duena.

Baina dena ez da kopurua: emakumeen biografietan ere aldaketa eragin dute, Wikipedian genituen emakumeen ogibideetan nabarmena dena. 2017an espektakuluaren industriarekin lotuta zeuden biografia asko (aktoreak, modeloak, abeslariak, telebistako aurkezleak…) eta gaur egun aniztasuna handiagoa da, kirolari, zientzialari, politikari edo aktibistekin. Grafikoa ikustea baino ez dago:

Aniztasuna, ez soilik generoan

Wikipedian aniztasuna gehitzea ez da mugatzen genero arrakalara. Orain dela 8 urte genituen biografia horietatik askok Mendebaldea islatzen zuten hein handi batean. Ameriketako Estatu Batuetako aktore eta abeslariek, edo Mendebaldeko Europako emakumezko asko genituen, eta Afrika edo Asiako oso gutxi.

2017ko martxoko egoera. Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan kontzentratzen ziren artikuluak, eta herrialde batzuetan ez zegoen emakume bat bera ere, nabarmen Afrikan edo Asiako herrialde batzuetan.

WikiEmakumeok taldeek egindako lanaz gain, wikilari askok Olinpiar Jokoetako parte-hartzaileei buruzko artikuluak egin dituzte, eta horrek ere orekatu du emakume kopurua zein herrialdeen ordezkaritza. Gaur egungo mapan Europak pisu nabarmena izaten jarraitzen du, noski, baina beste eremu batzuk ere puntuz betetzen ari dira (gomendioa: egin zoom Euskal Herrira):

Espazioaren okupazioa: ia erdia emakumezko

Hasieran esan dugun bezala, emakumezkoen biografiak ia herena dira gaur egun euskarazko Wikipedian. Baina, zenbat espazio okupatzen dute? PetScan tresnarekin emakume guztiak jaitsita, 133,4 Mb okupatzen dute biografia horiek, hau da, emakumeen biografiek 5.500 byte pisatzen dute, batez beste. Eta gizonezkoek? Bada, gizonen kopurua bikoitza izan arren, 139 Mb okupatzen dituzte, emakumeek baino pixkatxo bat gehiago. Batez beste, gizonezkoen biografia bakoitzak 2.829 byte baino ez ditu. Bestela esanda, emakumeei buruzko biografiak nabarmen hobeak dira, zabalagoak eta hobeto dokumentatuak. Horrela, biografia guztiak inprimatuko bagenitu, emakumezkoek inprimatutako lekuaren ia erdia hartuko lukete.

1 comments