Baina guk, txoriak ditugu maite
Nola esaten da euskaraz… ziur askotan duda hau izan duzula, eta Wikipediara etorri zarela erantzun eske. Baina Wikipedian ez dugu terminologia zehazten: besteek egindako lanak behar ditugu iturri gisa erabiltzeko. Martxoan Euskal Batzorde Ornitologikoarekin batera lanean hasi gara euskarazko 2.000 hegaztiren izena euskarazko Wikipedian finkatzeko. Zuk ere parte har dezakezu euskarazko terminologia finkatzeko esfortzu handi horretan.
Euskarazko Wikipedian hegazti (ia) guztien artikuluak ditugu, nahiz eta asko lerro bakarreko artikulu laburrak baino ez diren: espezie izena, generoa eta familia… askoz gehiago ere ez. Okil grisa Picidae familiakoa dela jakin dezakegu, adibidez. Albatros bekainduna Diomedeidae familiakoa da. Noski, guztiak ez dira horrelakoak, adibidez garrapo eurasiarrari edo Benelli arranoari buruzko artikulu landuak irakur ditzakegu. Artikulu gehienetan, hala ere, izen zientifikoa erabiltzen dugu, Butastur indicus, edo Empidonax minimusen kasuan bezala.
Ingelesezko Wikipedian “Least flycatcher” deitzen diote guk Empidonax minimus deitzen diogun horri; “grey-faced buzzard” deitzen diote Butastur indicus hegaztiari. Gaztelaniazko Wikipedian, ordea, izen zientifikoa erabiliko dute beti, “azor de cara gris” izena existitzen den arren. Wikipedia bakoitzak arau desberdinak ditu, eta euskarazkoan ere badugu bat, aspaldi hartutakoa: izen zientifikoa erabiliko da, euskarazko izen propiorik ez baldin badago. [Eztabaida 2006an eman zen, soilik lau wikilarik hartu genuen parte, eta galdu nuen]. Arazoa da euskaraz izen horiek ezin ditugula asmatu, norbaitek arautu behar ditu. Ezin dugu esan “aurpegi griseko aztore”, soilik “azor de cara gris” horren itzulpena delako: norbaitek hala dela ziurtatu behar du.
Orain arte lan hori egiteko, espezie bakoitzaren izena Euskalterm bezalako iturrietan begiratu behar zen. Animalia, landare eta onddo askoren izenak datoz bertan, baina uste baino gutxiago dira. Euskarazko Wikipediak hamarnaka mila taxon jasotzen ditu, baina Euskaltermen agertzen diren izakiak gutxi dira, eta maiz, ez oso zehatz.
Horregatik aukera bikaina da Euskal Batzorde Ornitologikoak egin berri duen ekarpena, 2.000 hegazti baino gehiagoren euskarazko izenak finkatu, eta txoriak.eus webgunean erreferentzia bat sortuz. Bertan irakur dezakegu, adibidez, Spizaetus ornatus espeziearen euskarazko izena arrano apaina dela. Ez da baliabide bakarra, noski: Euskal Herriko hegazti batzuen kasuan herriz herriko izenak ere ditugu, adibidez, etxe txolarrearen izena ikus dezakegu, herriz herri, ahotsak.eus proiektuko informazioa baliatuta.

Arreta handiz egin beharreko lana
2.000 artikulu inguru izenez aldatzea, erreferentzia bat gehitzea txoriak.eus webgunera, eta izen zientifiko egokiarekin birzuzenketa bat dagoela ziurtatzea ez da egun batetik bestera egin daitekeen lana. Badaude automatizatu daitezkeenak (adibidez, Wikidatan dagoeneko euskarazko izen guztiak daude jasota), beste batzuk erdizka egin daitezkeenak (bikoteak emanez, bot batek mugitu ditzake artikuluak batetik bestera); baina banaka egin behar den ziurtatze lana, erreferentzia gehitzea eta izena ondo jarri dela begiratzea eskuz egin beharrekoa da, pixkanaka baina etengabe.
Lana koordinatzeko Wikiproiektu bat sortu dugu Hegaztien euskarazko izenak wikiproiektua sortu dugu, hegazti orden bakoitzeko lotura, beste hizkuntzetako izen eta birzuzenketa direnak markatzeko kolore-kode batekin. Proiektua bukatzerakoan, hiru gauza lortuko ditugula uste dugu:
- Euskarazko izenak errazago finkatuko dira, hizkuntza baliabideak erabiltzen dituzten gainontzeko gailuak sinkronizatuz. Wikidata erabiltzen duten guztiek, dagoeneko badituzte izen horiek, baina LLM darabilten adimen artifizialekoek ere aukera izango dute izen hori baliatzeko, euskarazko edukia hobetuz.
- Txoriak.eus bezalako proiektuak indartuko dira, euskarazko Wikipediatik gutxienez 2.000 lotura aterako baitira. Horrek espezializatutako informazioa hobeto heltzen dela bermatzen du, eta bilatzaileentzat ere pista ona ematen du.
- Euskarazko Wikipedia hobetuko du, euskarazko izen gehiagorekin, eta erreferentzia hobeak dituzten artikuluekin. Izenak aldatzeko helburuarekin batera, gaurkotuta ez zegoen informazioa ere berritzen dugu (adibidez, izen zientifiko batzuk aldatu dira azken hamar urteotan), eta egon zitezkeen akats batzuk errazago detektatutako ditugu. Falta ziren hegaztiak identifikatzen ere lagunduko digu, eta izen arruntekin argipen orrialde gehiago sortzen, adibidez, Kukuari buruzkoa.
Zuk ere txoriak maite badituzu, hemen baduzu aukera lan eder bat egiteko. Batzuk ari gara, baina zurekin… azkarrago eta hobeto!
