Otsailaren bigarren erdian Marokoko Darija Wikipediako kideekin (hau da, Marokoko arabiera darabilen entziklopedia egiten dutenekin) batera Euskal Herriari buruzko gaiak bertan emateko eta Marokori buruzkoak euskarazko Wikipedian hobetzeko lanean egon gara wikilariok. Oraindik abiatu dugun edizio lehiaketa amaitu ez bada ere, dagoeneko 100 artikulu baino gehiago sortu eta beste hamarnaka hobetu ditugu, guztira (lerro hauek idazterakoan) 640.000 kilobyte eta 31.500 hitz gehituta euskarazko Wikipedian. Tartean, Marokoko kultura, hizkuntzak, geografia, komunikabideak eta hainbat biografia gehitu ditugu.

Iazko udan Katowicen, Polonia, egin zen Wikimanian hasi zen dena, euskal wikilariek Ideophagous ezizena darabilen wikilariarekin hizketan aritu zirenean. Euskarazko Wikipediaren eta euren entziklopedia txikiagoaren artean (10.500 artikulu ditu oraintxe) artikulu trukea proposatu zuenean. Ideia sinplea da: komunitate bakoitzak besteari landu daitezkeen artikulu batzuk bidaltzen dizkio, eta beste komunitateak horien gainean lan egiten saiatzen da. Helburua elkar ezagutza da, ezagutza unibertsalaz ari garenean beste herrien ingurukoak jakitea funtsezkoa delako.

2025eko otsailean egin dugu trukea, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunarekin bat. Bertatik bidali zizkiguten 50 artikuluek bestelakoak gehitu dizkiogu, bereziki emakumeen biografia kopuru handi bat, WikiEmakumeok taldeen jarduera nekaezinari esker. Hizkuntzen eremua hedatu dugu, baita komunikabideena. Eta 2015ean berritu zuten eskualdeen mapa ere gaurkotu dugu, eskualde berrien artikuluak sortuta eta eskualde zaharren artikuluak aldatuz.

Darija Wikipedian ere sortu dituzte Nafarroako Erresuma, Eneko Arista edo Casilda Iturrizarri buruzko artikuluak. Eta oraindik badituzte zerrendan egiteko garrantzitsu batzuk, tartean falta duten euskara artikulua ere.

Hilabete laburragoa da otsaila, eta laster amaituko da bi asteko elkartruke hau. Baina oraindik ordu batzuk ditugu aurretik artikulu gehiago sortu eta hobetzeko. Zuk ere parte har dezakezu, nahi izanez gero, eta Marokori buruz euskaldunok dugun ezagutza hobetu.