Euskal Wikilarien Topaketa egin dugu Eibarren
Urtarrilaren 25ean Udako Euskal Unibertsitatearen Isasi edo Markeskua jauregian egin genuen wikilarion topaketa. EWKEren bileraz gain, tailerrak, hitzaldiak eta elkarrekin egoteko aukera izan genuen. Egun osoko egitaraua, batera ikasi eta euskarazko Wikipedia hobetzeko.
Ohiko urteko elkartearen bilerarekin hasi genuen eguna Eibarren, 2024an egindakoa azalduz, diru- zein administrazio-kontuak azalduz, eta bazkidetza ereduaren inguruko eztabaidekin. Labur joan zen, erronka ondoren baikenuen: egun osoko egitaraua, ikasteko eta entzuteko aukerarekin.
Goizeko atseden eta mokadutxoaren ostean, bi ikastaro izan genituen paraleloan, biak Wikidatari buruzkoak. Sarrera ikastaroa eskaini zuen Luistxo Fernandezek, eta aurreratua David Lindemannek. Wikidatari buruzko Telegram kanal bat ere aurkeztu zen lehenengo tailerrean, eta erabilitako diapositiba-sorta eskegi zuen Lindemannek. Ostean, beste bi hitzaldi paralelo: OpenRefineri buruzko ikastaroa, Kepa Sarasolarekin, eta OpenStreetMapeko datuak (eta beste datu azpiegitura publiko batzuk) erabiltzeko mapa ikastaroa Galder Gonzalezekin.




Bazkaria bertan egin genuen, Lakari Kooperatibak eskainia. Eta azkar egin genuen, arratsaldean beste bi saio genituelako aldi berean. Gela batean Euskal Herriko historia 100 objektutan gaia hartuta editatoi laburra egin genuen. Beste gelan Mentxu Zoritak InkScape erabiltzeko argibideak eskaini zituen, maiz egiten ditugun irudi bektorialak hobetzeko asmotan; bere ostean etorri zen Ander Bolibar, Ikusgelan egiten ari garena azaltzera.
Eguna amaitzeko, hitzaldi laburren txanda izan zen. Mikel Fernandez de Arroiabek Txikipedian nabigatuz izeneko proiektua aurkeztu zuen, Zumaia BHI eta Donostiako Aquariumaren artean egindakoa. Durangoko Wikiemakumeok taldeak “8000 emakume euwikian” hitzaldia eskaini zuen, nola ari diren antolatzen eta aurrera begira dituzten erronkak azalduta. Hitzaldi laburra, baina korala izan zen, Marisa Barrenak gidatua. Gotzon Egiak eta Joxan Garaialdek Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluak ekimenean nola ari diren kontatu zuten. Talaios Kooperatibako Mattin Solisek Wikikasi ikas-egoerak aipatu zituen eta Lander Unzuetak Game Erauntsia eta bideojokoak Wikipedian izateko ekimenak ekarri zituen. Amaitzeko, beste bi hitzaldi labur: Aiora Mujikak Euskarazko Wikipediak sare sozialetan duen jarduna eta egin nahi diren aldaketak aipatu zituen (laster horren inguruko argibide gehiago), eta Galder Gonzalezek 5 tresna interesgarri, 10 minututan erakutsi zituen, metraileta baten moduan.





Eta ondoren, etxera, lanean jarraitzeko gogoekin. Bertan izandako eztabaida batzuek jada isla izan dute Wikipedian… baina horren inguruan hitz egingo dizuegu beste blog sarrera batean.