‘Begoñako errepublika’ wikiproiektua
2024an, hainbat lagunen artean, lan handia egin da Wikipedian aspaldiko Begoñako errepublikari buruz. Bi artikulu nagusi garatu dira: Begoñako errepublika eta Zerrenda: Mahatsorri ospetsuak. Baina oraindik badago zer gehitu, wikiproiektu bat sortu daiteke horretan lan egiteko, paperezko liburu bat argitaratu daiteke egindakoarekin eta Wikipedian editatzeko hackatoiak antolatu daitezke Santutxun, Uribarrin edota Otxarkoagan.
Lehen erronka bat bete da 2024an: 100 mahatsorri Wikipedian
100 urte beteko dira orain urte bukaeran. 1925eko urtarrilaren lehenengoan-edo anexionatu zituen Bilbo hiriak Begoña eta Deustu errepublikak (elizateak). Urteurrena dela eta hainbat ekinbide antolatu dira gertakari horretaz historia apur bat gogoratu eta zabaltzeko. Ekinbide horietako bat Euskal Wikipedian landu da; martxoan abiatu zen Uriola.eus atarian erronka bat bota zenean mezu batean: Begoñako Errepublikako 100 “mahats-zorri” baietz Wikipedian urteurrenerako!
‘Begoñako Errepublika’ zenak 2024an 125.000tik gora biztanle ditu, baina martxoan bakarrik ziren 42 artikulu Mahatsorriak kategorian zeudenak (“begoñaztarrak” kategorian).
Martxoaz geroztik hobekuntza nabarmena egin du Wikipediako Mahatsorriak kategoria horrek:
- Martxoaren 12an: mahatsorriak 42 bakarrik ziren eta horien artean 3 besterik ez ziren emakume
(Eulalia Abaitua, Oihana Bartra eta Aiora Renteria). - Ekainaren 18an: 105 mahatsorri eta horien artean 30 emakume.
- Azaroaren 7an: 133 mahatsorri eta horien artean 37 emakume.
Listo! Lortu da martxoan jarritako helburua!
Begoña Errepublikaren 100. urteurrenean badira Euskal Wikipedian Begoñako 100 pertsona!
Martxoan hori lortzea gaitza izango zela zirudien, baina azkenean 133 ere lortu dira!
- Mahatsorriak kategorian 37 emakume eta 96 gizon azaltzen dira, baita 17 elkarte ere.
- Zerrenda: Mahatsori ospetsuak artikuluan azaltzen dira multzoka: artistak, musikariak, irakasleak, kirolariak…
- Wikiliburu bat osatu da artikulu guzti horiekin, ia 600 orri ditu. PediaPress argitaletxekoek formatu-akats batzuk dituzte, baina azaroan zehar konpondu ditzaketela agindu dute.
Orain arte lan hau batez ere bost lagun hauen artean egin dugu: Esteban Kadarso, Alex Urkaregi, Jose Ramon Etxebarria, Joseba Sarasola eta Kepa Sarasola.
Baina aholkulari kolaboratzaile batzuk ere izan ditugu alboan: Adur Larrea, Ainhoa Latatu, Ander Gabiola, Andoni Olibares, Bagabiltza Sestao, GrafiazKar – Arantza Prieto, Hektor Ortega, Ima Aramendia, Irati Calvo, Jabier Gutierrez, Joseba Pinilla, Juanan Olmo, Kepa Zarraga, Maribe Sarasola, Nekane Aramendia, eta Txus Sarasola.
Baina oraindik gehiago egin daiteke (‘Begoñako errepublika’ wikiproiektua)
Baina hau ez da bukaera, hasiera baizik. Konturatu gara, oraindik mahatsorri asko geratzen dira Wikipedian sartzeko. Wikipedian editatzeko saio batzuk antolatu ditzakegu eta horietan hauek izan daitezke lantzeko hurrengo urrats batzuk:
- Berton aldizkarian mahatsorri asko azaldu ziren 1996-2016 urteetan, hortik eraman daitezke batzuk Wikipediara. Tamalez Berton aldizkariko bertsio digitala txukun egon zen oraind ela gutxi arte, baina ez dabil aurten. ea konpontzen den, mesedez!
- Sortu ditugun hainbat artikulutan ez dago argazkirik. Edozein argazki ezin da jarri Wikipedian, CC-BY-SA lizentzia eduki behar da. Pena da, Santutxu Zaharra atarian argazki asko dago, baina lizentziari buruz ez da ezer esaten, eta horrela ezin dira jarri Wikipedian.
Noizbait “gazte-kuadrila” batek hori hobetu edo horrelako beste argazki-bilduma bat egin beharko luke, baina… euskaraz, eta lizentziarena ondo adierazita, ahal den guztietan CC-BY-SA lizentzia librearekin (Ikus eredu gisa Donostiako Egia auzoan sortu duten ataria: GORDEGIA.EUS) - Wikipedian Begoñako Errepublika artikulua handitzen dabil apurka-apurka. Batzuen artean hobetzen ari gara. Santutxu, Otxarkoaga, Txurdinaga, eta Uribarri artikuluetan ere hobekuntza handia egin da azken hilabete hauetan, eta horretan ere oraindik badago zer hobetu.
Lagundu mesedez, zuk ere parte hartu ezazu.
Zerrenda: Mahatsorri ospetsuak artikulua:
Begoñako errepublika artikulua:
133 begoñaztarren wikipediako artikuluak (Kategoria:Mahatsorriak):