Zilarrezko domina euskarazko Wikipediarentzat
Euskarazko Wikipedia izan da bigarren hizkuntza Parisen amaitu berri diren Olinpiar Jokoetako proba guztietako emaitzekin artikulua osatzen, ingelesezko Wikipediaren atzetik. Esfortzu berezi horrekin, euskarazko Wikipediak aurrerapauso handia eman du kirolei buruzko informazioa osatzen, eta aurrerantzean beste kirol-txapelketetako informazioa errazago osatzeko baliabideak osatu dira.
2021ean egin ziren 2020ko Udako Olinpiar Jokoak, Tokion. Bertan gertatzen zen guztiaren berri emateko Wikiproiektu bat antolatu genuen euskarazko Wikipedian, eta hilabete batzuetako lanaren ondoren, dominaren bat irabazi zuten 2.173 kirolarien biografiak osatu genituen. Hala ere, ez genuen lortu egondako proba guztien artikuluak osatzea, horiek egiteko denbora eta baliabide teknikoak behar zirelako: kirol bakoitzak bere txantiloiak izan ohi ditu, datuak eskaintzeko moduak, hiztegi espezializatua… oinarri sendoak jarri genituen, hala ere.
Urtebete beranduago, Neguko Olinpiar Jokoak egin ziren Beijingen, eta kirol berri ugari sartu ziren euskarazko Wikipedian. Hor ere ez genuen lortu proba guztietako artikuluak osatzea, baina berriro ere azpiegitura osatu genuen etorkizunean gauzak errazago izan zitezen.
Maratoia da
Wikipedia osatzea maratoia da: etengabe jarraitu behar dugu hazten eta hobetzen, baina indarrak ondo neurtu behar dira. Orain hiru urte ikusi genuen kirolei buruzko informazio orokorra gutxi zela: hiztegia falta zitzaigun, kontzeptu tekniko ugari nola esan begiratu behar zen. Azken finean, Olinpiar Jokoak ez dira euskaraz eskaintzen, eta futbolean edo arraunean ondo ulertzen diren kontzeptuak ez ditugu gimnasia artistikorako, eskirako edo kirol eskaladarako. Horregatik EHUko Kirol eta Hezkuntza Fakultatearekin elkarlana abiatu genuen, bertako ikasleekin batera kirol olinpiko guztietako artikuluak hobetzeko, hizkera teknikoa gehituta. Urteetako lana izan da, baina kirol-terminologia euskaraz izatea lehen pauso garrantzitsua da.
Eta maratoia denez, 2023 amaieran wikilariak hasi ziren prestatzen Parisen egongo ziren kirolei buruzko informazioa hobetzen, kategoriak sortzen eta lan teknikoa egiten, tartean informazio historikoa ere antolatzen. 2028an Los Angelesen egingo diren Jokoen artikulua ere prest dago jada, pentsa!
Sprinta da
Prestakuntza maratoia da, baina jarraipena egitea sprinta da. 329 kirol proba daude, 50 kilogramo azpiko emakumezkoen borroka libretik lemazain gabeko laukora, gizonezkoen gorako-jauzitik mahai-teniseko bikote mistora. Emaitza asko behin-behinekoak dira, adibidez Jordan Chilesek jaso zuen eta ondoren kendu zioten brontzezko domina. Eta gertakari asko historikoak dira, Armand Duplantisen pertika-jauzia edo Mijaín López Núñez kubatarraren bosgarren domina olinpikoa kasu. Milaka irakurlek jotzen dute Wikipediara kirolarien inguruko informazioa jasotzeko, eta nahiko genuke euskarazko Wikipediara ere jotzea horretarako.
Sprinta (zein maratoia) ingelesezko Wikipediak irabazten du. Milaka boluntario dituzte artikuluak osatzen, orrazten eta hobetzen. Olinpiar Joko guztietako proba guztietan informazioa aurki daiteke bertan, dominaren bat irabazi duten ia pertsona guztien biografiak daude, eta olinpismoaren historia zein bestelako proben inguruko informazio osatua dute. Euskarazko Wikipedian esfortzu hori baliatzen dugu, euren azpiegitura teknikoa kopiatu eta euskarazko txantiloiak sortzeko, adibidez. Edo taulekin egiten duten lana baliatzen dugu, euskaraz taula berberak eskaintzeko. Kirolean bezala, onenek egiten dutena ikusi behar da, euren teknikatik ikasteko.
Iragana osatu, etorkizunerako prestatu
Shizo Kanakurik 54 urte behar izan zituen 1920ko Olinpiar Jokoetako maratoia amaitzeko. Arkularitza modernoa 1972an hasi zen, baina lehenago egon ziren probak ere. Australasiak 12 domina olinpiko irabazi ditu guztira. Euskarazko Wikipedian kirolaren historiako datuak eta estatistikak izatea garrantzitsua da etorkizuneko prest egoteko. Izan ere, gaur egungo zein etorkizuneko Olinpiar Jokoetan errekor bat egiten denean, garrantzitsua da aurreko saio guztiak ere osatzea. Erronka handia da, hala ere. Olinpismoaren historian milaka proba egon dira, milaka dominadun, bitxikeria eta eskandalu. Horiek guztiak izateko esfortzu handia egin behar dugu, eta gutxi gara erronkari heltzeko. Kirolzale (edo historialari) gehiago behar ditugu gurean, Wikipedia osatzen. Lagundu nahi baduzu, Olinpiar Jokoetako wikiproiektua zain duzu.