Urtero lez, ehunka wikilari elkartzen dituen mundu mailako Wikimania ekimena ospatu da aurten ere. Abuztuaren 7tik 10era bitartean izan da aurtengoa, Poloniako Katowice hirian, orain arteko 19.a hain zuzen ere. Wikimedia Fundazioak sustatutako ezagutza askea oinarri duten proiektuak biltzen dituen urteko biltzarra dugu Wikimania, non hitzaldi, eztabaida, bilera, formakuntza eta tailerrak eskaintzen diren. Mundu osoko wikilariak biltzen dira gai ezberdinak eztabaidatu, proiektu berriak aurkeztu, lankidetzak bilatu edo eta ideiak trukatzeko, eta Euskal Wikilarien Elkartea ere bertan izan da aletxoa jarriz eta gainontzekoengandik ikasten.

Programa

Oso eskaintza zabala izan genuen eta askotan zaila egin da zein hitzaldira joan aukeratzea. Guztira 120tik gora izan dira 4 egunetan zehar antolatuak eta egunero dozena erditik gora disfrutatzeko aukera izan dugu. Formatu eta iraupen ezberdinekoak gaika antolatuak: ikerketari buruzkoak, hezkuntzaren ingurukoak, juridikoak, estrategien ingurukoak, komunitatearentzat lagungarriak izan daitezkeenak, teknologien ingurukoak, lankidetzak sustatzekoak, e.a.

WikiWomen topaketa

Lehenengo egunean, egun osoko iraupena zuen WikiWomen Topaketa izan genuen. Bertan, mundu osoko wikilari emakumeak bildu ginen, non genero arrakalari aurre egitea ardatz harturik, bakoitzaren bakarkako lanetik haratago, elkarlana eta elkar zaintza, bidea bilatu nahian agertu ziren.

Lurraldetasunari begira eta sozialki dugun egoerari begira oso ezberdina da munduko leku ezberdinetako wikilarientzat wikimediako proiektuetan ekarpenak egiterako orduan gerta daitezkeen arazoei aurre egin ahal izatea. Topaketa honetan, egun dauden arazo ezberdinak mahai-gainean jarri ziren; arazoaren jatorria eta unean emandako irtenbidea aztertu. Etorkizunera begira eman beharreko pausuak zeintzuk izan daitezkeen ere hitzegiteko aukera izan genuen. Izan ere, WikiWomen Topaketa, ezberdinen artean estrategiak partekatzeko espazio segurua da; eztabaida sustatzeko, elkarlanerako eta gure hazkuntza kolektiborako funtsezko gaitasunak garatu ahal izateko. Wikimedia mugimenduan ematen diren ekimenak, sarritan sarean gertatzen dira eta horrelako topaketetan pertsonalki elkartzeko eta harremanak sortzeko aukera izatea oso garrantzitsua da trebetasunen garapena indartzeko. Bide honi ekinez, Wikimedia mugimenduan bai indibidualki eta baita kolektiboki ere aurrera egingo dugu.

Euskal Wikilarien Elkartetik ekarpena

Wikimanian aukera handia izan dugu gauza ezberdinak entzun eta motxila ikaspen berriekin betetzeko. Baina aurrerago aipatu bezala, Euskal Wikilarien Elkartetik gure aletxoa eskaintzeko aukera ere izan dugu.

Galder Gonzalezek bi hitzaldi eskaini zituen lehenengo egunean: “Abstract Wikipedia and the dream of a Universal Language” eta “The history of X in 100 objects”. Azken hau eskuartean dugun eta garatzen gabiltzan proiektua dugu (Euskal Herriko historia 100 objekturen bidez) baina gainontzeko herrietan egingarri izan daitekeelakoan, proiektua bera aurkeztu nahi izan dugu. Bigarren egunean Koldo Bigurik “Alumnos de secundaria, autores de 1.000 artículos en Txikipedia” hitzaldia eskaini zuen, batez ere Zumaia Ikastetxeak egindako ekimena izan da hitzaldiaren oinarri, wikilari gaztetxoak eta heurek egindako ekarpena erdigunean jarriz.

Hizkuntza ezberdinak.

Aurtengo Wikimania Topaketan aurrerapausua eman da hizkuntzen erabilerari dagokionez. Batetik, nahiz eta hizkuntza orokorra ingelesa izan, beste hizkuntza zehatz batzuk erabiltzeko aukera eskaini da aurkezpenak egiterako orduan eta bestetik,

itzulpen zerbitzua eskaini dute.  Zenbait areto (ez guztiak) itzulpen zerbitzua zuten; ingelesez eskaintzen ziren hitzaldiak hainbat hizkuntzatan entzuteko aukera zegoen. Hori bai, ingelesa ez zen beste hizkuntza batean baldin bazen aurkezpena, honen itzulpena ingelesekoa izaten zen. Nire kasuan, gaztelerako itzulpen zerbitzua erabili dut gehienetan eta itzulpen zerbitzurik onena izan ez bada ere edukiak jarraitzeko aukera izatea oso garrantzitsua izan da. Beraz, horrelako ekimenetan parte hartu ahal izateko aukerak geroz eta handiagoak izanik, denok irabazten dugu. Lehenengo urtea izan da eta datorrenean, kontu guzti hauek hobeto kudeatuko direlakoan nago.