Matematika: 5 urteko erronka lortzear
Orain bost urte epe luzeko erronka bati ekin genion: DBHko ikasleek behar dituzten kontzeptu guztiak euskarazko Wikipedian txukun egotea. Horretarako Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren laguntza izan genuen. Milaka izan dira gurekin batera erronka honetan parte hartu duten ikasle, irakasle eta wikilariak. Pixkanaka, erronkari eutsi eta lortu dugu. 2023 urtean borobiltzea proposatu dugu: DBHko ikasleek behar dituzten artikuluak eta Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrendan daudenak hartu, eta horiek guztiek 30.000 bytetik gora izatea izan da gure buruari jarri diogun erronka. Urtearen lehen erdia igaro den honetan, erronkaren egoerari begiratu behar diogu, eta lehen gaiarekin hasiko gara: Matematika.
Nola geunden, nola gauden
Proiektua hasi genuenean, DBHn ikasten diren 100 gai zerrendatu genituen. Horietatik 11 ez ziren existitzen euskarazko Wikipedian. Beste erdia (44) 2.000 bytetik beherakoak ziren, hau da, paragrafo pare bat zuten gehienez. Matematika zen, gainera, arlorik zailenetako bat hazkuntzarako: prosa errazagoa da historian edo biologian, matematikan maiz formula soilak izaten baitira azalpenaren funtsa. Artikuluen batezbesteko tamaina 4.246 byte zen.
Bost urte eta gero, artikulu guztiak sortuta ditugu, ez dago 3.000 byte baino laburragoa den artikulurik eta batezbesteko tamaina 13.185 da. Hau da, %210 hazi dira artikuluak. Histograma honetan ikus daiteke sei hilabetero egindako hobekuntza:
Gainera, Jakindun elkartearekin aritu gara matematikako bideoak askatu eta igotzen. Elkarlanari esker, hainbat artikuluak azalpen gehigarria dute bideo bidez, DBHko ikasleek maiz behar duten laguntza gehigarria eskainiz.
Egiteke duguna
Esan bezala, aurten jarri dugun erronka da DBHko ikasleek behar dituzten gaien eta Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen intersekzioan daudenak hobetzea. Bigarren zerrenda honetan “artikulu luze” gisa agertzeko 30.000 bytetik gora izan behar dute artikuluek. Funtsezko gaiak izanda, ariketa hau egingarria dela pentsatu genuen. Lerro hauek idazten ari garela, bost baino ez dira falta diren artikuluak erronka betetzeko: Pitagorasen teorema, azalera, zenbaki, pi (zenbakia) eta probabilitate, azken hau oso gertu.
Hala ere, bestelako artikuluak hobetzen ere lagun dezakezu, noski. Landuta artikulu guztien zerrenda ikusi nahi baduzu, hemen dago eskuragarri: https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza/Matematika. Lortuko dugu!