Gorputz hezkuntza, azken sprintean
Gure hezkuntza proiektua maratoia da, epe luzera begira. Artikuluak hobetu ditugu, pixkanaka, fakultatez fakultate eta wikilarion esfortzuarekin. Bada, ordea, azken sprintean hobetu den eremu bat: gorputz hezkuntza. Fakultate bakarra dago Euskal Herrian gorputz hezkuntzako gaiak lantzeko, Araban dagoen Kirol eta Hezkuntza Fakultatea. Eurekin izan gara proiektuaren hasieratik, kirolen inguruko artikuluak hobetzen saiatzen, baina azken urte honetan artikuluetan egindako hobekuntza nabarmena izan da, kirol olinpiko (ia) guztiak egoera bikainean utzita.
Pausoz pauso
Gorputz Hezkuntza ez da soilik kirola. Jarduera osasuntsuak eta gorputzaren ezagutza ere sartzen dira, anatomiari lotutako gaiekin, adibidez. Horregatik, zaila izan da corpus on bat sortzea eta horrekin aurrera joatea. Sei hilabetero egin dugun egoeraren azterketak grafiko hau eskaini digu:
Argi ikusten denez, artikulurik laburrenak ia desagertu dira, eta 15.000 bytetik gorako artikuluen igoera izugarria izan da azken urtean. Une honetan 20.000 eta 30.000 byte arteko artikuluak dira talderik handiena, hasieran ezinezkoa ematen zuena.
Artikulu txiki ugari zituen eremua zen. Batezbesteko tamaina 4.276 byte zen, eta 16.675 byte da oraintxe. Hau da, ia laukoiztu dugu artikuluen luzera. Kirol ezagun batzuek dute ardura: Futbol eta Olinpiar Jokoak artikuluek 50.000 bytetik gora dute jada, lehen aldiz.
Azken txanpa
Eta zer dugu, bada, egiteke? Une honetan, Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrendan eta gure hezkuntza programako zerrendan dauden bost artikulu ditugu borobiltzeke: judo, tabako, muskulu, kirol eta joko. Ez dira errazak, baina lorgarriak. Eta, gainera, Gorputz Hezkuntzak duen aniztasunaren berri ematen dute: kirolak, anatomia eta bizitza osasungarria. Animatuko al zara artikulu hauek hobetzera?