Matematikari buruzko artikuluan aipatzen genizuen bezala, orain 5 urte erronka bat ekin genion: DBHko ikasleek behar dituzten oinarrizko kontzeptu guztiak euskarazko Wikipedian kalitatez egotea. Biologian eta geologian 200 gai zerrendatu genituen, eta horiek hobetzen aritu gara, bereziki UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko ikasleekin, baina ez soilik. Kontsulta gehien dituzten artikuluetako batzuk daude kategoria honetan: Lurra, zelula, sumendi edo ekosistema, adibidez. Bost urte hauetan edukia laukoiztu dugu: 6.917 byte zen artikuluen batez bestekoa proiektuarekin hasi ginenean, eta 27.569 byte dira oraintxe, igoera nabarmena.

Nola geunden, nola gauden

Proiektua hasi genuenean, artikuluen erdia baino gehiagok 5.000 byte baino gutxiago pisatzen zuten. Gainera, 15 artikulu ez ziren existitzen. Gorputzeko sistemak edo Lurra artikulua bera datuen bilduma txikia ziren. Eboluzioari buruzko kontzeptuak han-hemenka zeuden, baina oraindik osatu gabe (gaur egun ere, eboluzio artikuluak hutsuneak ditu). Oso luze gisa sailkatuta (50.000 bytetik gora) 3 artikulu baino ez genituen une hartan.

Oso bestelakoa da egoera orain, 31 artikulurekin 50.000 bytetik gora eta artikulurik gabe 4.000 bytetik behera. Grafiko honetan bildu dugu 6 hilabetero egindako aurrerapenak.

Gainera, bideo bilduma berria abiatu dugu Ikusgela proiektuaren barruan, Aitor Cevidanes biologoarekin batera ekologia eta natura lotzen saiatzeko.

Egiteke duguna

Artikulu batzuk osatu behar ditugu oraindik, noski. Badira labur diren gutxi batzuk bilduman. Eta badira, gainera, Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrendan zein DBHko ikasleen zerrendan agertzen diren beste batzuk. Horien artean 9 artikulu hauek hobetzea izango litzateke gure uneko erronkarik handiena, bi zerrendatan, aldi berean, gora egiteko.

Artikuluen zerrenda ikusi edo hobetu nahi baduzu, hemen duzu lotura: https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza/Biologia_eta_geologia.