Kale-izendegiaren generoa: OpenStreetMap eta Wikidata batuz
Mapa libreak osatzeko proiektua da OpenStreetMap. Datu libreak ezartzeko proiektua Wikidata. Eta biak batuz, gauza ederrak egin daitezke. OSMn jasotzen diren kale-izenen jatorria Wikidatarekin batuz, posible da gure kale-izendegian dagoen genero-banaketa ikustaraztea. Adibidez, Bilboko zabalgunean, honako mapa osa daiteke.
Nola egin hau, eskuz
Behar dugun lehenengo gauza OpenStreetMapen kontu bat izatea da. Zerbitzu askorekin egin dezakegu kontua, baita Wikipediako gure kontuarekin ere. Behin kontua sortuta, editatzeko aukera izango dugu (ikusi, goan, Aldatu jartzen duen botoia).
Gure kasuan, Karlos III.a hiribidearen jatorria zein den gordeko dugu. Kaleak dituen eremu guztiak hautatuko ditugu (Shift sakatu dezakegu bat baino gehiago aukeratzeko), aldaketa alde guztietan egin ahal izateko.
Ezkerreko menuan etiketa berria sortuko dugu, “etymology:name:wikidata” izenekoa:
Bertan sartu beharko dugu Karlos III.a Noblearen Wikidata elementua. Wikidata elementuak entitate bakunak dira, hau da, Karlos III.a Nobleari bat dagokio, hizkuntza guztientzat. Oso erraza da hau zein den aurkitzea: Wikidatan zuzenean bilatu dezakegu edo, bestela, Wikipediako artikuluaren beheko aldean dagoen kodetik abiatu gaitezke:
Kodea, beraz, Q358365 izango da.
Goian eskuman dagoen “Gorde” botoiari emango diogu, etimologia gehitu dugula esango diogu eta… kitto! Denbora pasatzen denean, mapa honetan agertuko da.
Nola egin, aplikazio sinpleago bat erabilita
https://mapcomplete.osm.be OSMn hainbat ataza zehatz egiteko prestatutako webgune bat da. Bizikleta bideak, argiztapena edo etimologiak soilik kezkatzen bagaitu, modu sinplea izango dugu hori eta hori baino ez egiteko. Gure kasuan, badago https://mapcomplete.osm.be/etymology.html izenekoa, kaleen etimologia zehazten lagunduko diguna. Bertan klikatuta, ikusiko dugu urdinez zein kalek baduten jada etimologia bat eta horiz zeintzuetan falta den. Donostiako “PeƱaflorida kalea” hartuko dugu, adibide gisa:
Wikidatako bilatzailean aukera izango dugu izenak bilatzeko, maiz baita ezizenak ere, kasu honetan bezala:
Aukeratu, “Save” botoiari eman, eta datua automatikoki igoko du OSMra. Denborarekin, kale hau ere urdinez margotuko da lehen ikusi dugun mapan.
Bilboko Zabalguneko 3 emakumeak
Bilboko Zabalguneko kale gehienak sartu ditugu jada, nahiz eta baten bat falta daitekeen. Hiru emakume baino ez ditugu aurkitu: Maria Lopez Harokoa, Casilda Iturrizar eta Estitxu. 62 gizonezko daude, eremu berberean.
Eta zure herrian, zein da generoen arteko aldea? Ariketa hau osatzen joan zaitezke, eta aurkituko dugu.