Euskal Wikipediako artikulu guztien artean zenbat dira zortziko txikia neurria duten bertsoenak? Galdera horri erraz erantzuteko modu baten bila ibilita, hasieran Zortziko txikiak kategoria definitu dugu Wikipedian, eta gero bertso eta abesti herrikoien artean joan gara markatzen zortziko txiki direnak. Lehenengo saio bat izan da eta ez da intentsiboa izan, abesti modernoetan ere egongo dira horrelakoak, baina eskuzko markaketa hori bukatutakoan 23 artikulu agertzen dira kategoria honetan. Beheko irudian 25 artikulu daude, baina hor azaltzen diren Bertso eta Zortziko txiki artikuluak ez dira benetako zortziko txikiak.

Zortziko txikiak kategoria

Zortziko txikiak‘ kategoria erabiltzen

Wikipediako kategoria hori definituta, zortziko txikiak lantzeko aukera berriak sortzen dira. Adibidez, Massviews kontsulta bat eginez erraz jakin dezakegu zenbat aldiz bisitatu diren artikulu horiek, eta zein diren bisitatuenak:

Zortziko txiki kontsultatuenak lortzeko Massviews galdera

Hau da kontsulta horren emaitza:

Zortziko txiki kontsultatuenak Wikipedian

Ikusten denez 2022 gabonetako jaietako bisitatuenak hauek izan dira: Behin batean Loiolan, Olentzero joan zaigu, Gernikako arbola, eta Internazionala izan dira.

Berdin oinarrizko beste bertso-neurri batzuekin

Zortziko txikiekin egin den bezala, bertsolaritzako neurri erabilienak diren hauekin ere sortu dira kategoriak:

Neurri txikiaNeurri handia
8 lerro
4 puntu
Zortziko txikiak (4 puntuko txikia)Zortziko handiak (4 puntuko handia)
10 lerro
5 puntu
Hamarreko txikiak (5 puntuko txikia)Hamarreko handiak (5 puntuko handia)
4 lerro
2 puntu
(kopla)
Kopla txikiak (2 puntuko txikia)Kopla handiak (4 puntuko handia)
Neurri erabilienak

Wikidatan ere bai

Wikidatan ere markatu ditugu kategoria horietan sartu diren artikuluak “genero artistikoa” propietatearen bidez. Gainera aipatutako oinarrizko bertso-neurri horiek definitu dira bertso-neurri kontzeptu gisa (Q89522629, poetic form). Bertsoen antolaketa hau, soneto neurriak (hamalaudun) eta ingelesezko hainbat sonetok (esaterako, Shakespeareren Sonnet 57 eta Sonnet 105) Wikidatan duten definizioa aztertu da eta antzeko egitura eman zaie euskarazko bertsolaritzako oinarrizko neurriei.

Definizio horiek eginda, Wikidata kontsulta bakar batekin ikus ditzakegu orain arte Wikidatan dauden bertso guztiak: https://w.wiki/6BuH
kontsulta horretan bertsoaren neurria eta egilea eskatzen dira. Abestien kasuan egilea Noren hitzak propietatearekin definitu ohi denez, balio hori ere erakusten da. Hauek dira kontsultaren emaitzan hasieran azaltzen diren 59 bertsoak:

Wikidatan dauden bertsoak bakoitzaren neurria eta egilearekin

Egitekoak

Listo, bertsoen neurria Wikipedian azaltzeko lehen urratsa (lehen proposamena) eginda dago. Egindako lan hori osatu behar da oraindik, apurka-apurka Wikipedian eta Wikidatan bertso askoren artikuluak gehitu daitezke oraindik. Noski, lan horretan ikaragarrizko laguntza izango da Bertsolaritzaren Datu-basea, zelako ondo egin duten eta zein sakona den sartu duten bertso ezagutza (doinuak, bertsoak, biografiak, saioak, grabazioak…). Itzela. Eskerrik asko!