Bertsolari Txapelketa Nagusia, Wikipedia eta Wikidataren begiradatik
Laster ikusiko dugu 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak eskaintzeko duena. Lehen aldiz historian hiru emakumezko izango dira zortzi bertsolarien artean: titulua defendatzera datorren Maialen Lujanbioz gain, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin izango dira oholtzan. Wikipedian 1935ean egin zen lehen Bertso Gerratik orain arte jokatu diren txapelketa nagusi guztien artikuluak ditugu, baina informazioa ez zegoen ondo antolatuta Wikidatan. Azken egunotan datu horiek antolatzen aritu naiz.
Wikidatako bisualizazioak
Wikidatan datuak antolatzeak aukera ematen digu bilaketa konplexuak egiteko. Bertsolarien jatorria, jaiotza urtea edo BTN bakoitzeko parte-hartzaileak gehituta, estatistikak egiteko aukera dugu. Adibidez, non jaio ziren BTN2022ko bertsolariak, lehiatu diren fasearen arabera?
Behin 2022ko bertsolari guztien jatorria izanda, atzera begira jartzeko unea iritsi da. Zaila da historian izan diren BTN guztien datuak eskuratzea. Zorionez, Bertsolaritzaren Datu-basea (BDB) badugu, Wikidatan egon daitekeena baino askoz informazio zabalagoa eskaintzen duen datu-basea. Guri, momentuz, jaioterria eta jaiotza data interesatzen zaizkigu. Lehenengoa ia bertsolari guztien kasuan dugu, bigarrena zailagoa da atzera egin ahala. Jaiolekua BDBn ezaguna ez denean, beste bilaketa batzuetara jo dut, hala nola herri komunikabideak edo Armiarma. Oso kasu gutxitan izan da ezinezkoa jakitea non jaioa zen bertsolaria. Behin datu horiek lortuta, posible da galdetzea nongoak diren BTN guztietan abestu duten bertsolariak, eta koloreztatzea urtearen arabera (eskuman duzu geruzak aukeratzeko botoia):
Sarreran esan bezala, lehen aldiz hiru emakumezkok kantatuko dute finalean. Emakumeen parte-hartzea handituz joan da azken urteotan, baina oraindik ere txikiagoa da. 1986ko Bertsolari Txapelketa Nagusian abestu zuen lehen emakumezkoak, 90 bertsolari hartu zituen edizio batean. Sebastian Lizasok irabazi zuen, eta Kristina Mardaras izan zen bidegilea. Hurrengoan ez zen emakumezkorik egon, eta hortik aurrera parte-hartzea pixkanaka hazi da.
Goiko mapa ikusi baduzu, arreta deituko zizun ez duela inoiz zuberotarrik kantatu Bertsolari Txapelketa Nagusian. Oro har, gipuzkoarrak izan dira nagusi, eta espero zen moduan, bizkaitarrak ondoren. Zein herrialdetan jaio dira BTNn historia osoan aritu diren bertsolariak?
Emaitza hau hobeto ikusteko, edizio bakoitzean parte hartu dutenen herrialdeaz galdetu ahal diogu Wikidatari. Eta, horrela, ikusiko dugu 1993tik aurrera ez duela baxenabartarrik kantatu, eta 1986ko edizioa kenduta, 2001era arte ez zela egon arabarrik Bertso Txapelketa Nagusian.
Wikipedian interesa neurtzen
Wikipedian zortzi finalisten artikuluak ditugu. Txapelketa hasi zenetik bakoitzak jasotako bisita kopurua azter dezakegu. Logikoa denez, lehian sartu ahala, bisita kopuruak gora egiten du. Maialen Lujanbiori buruzko interesa ez da Joanes Illarregiri buruzkoa bezain beste, jendeak momentuan duen jakinmina asetzeko erabiltzen baitu Wikipedia. Zeintzuk izan dira irailaren 1etik abenduaren 4ra bitarte finaleko bertsolaririk irakurrienak?
Bisita gehien izan dituena Nerea Ibarzabal izan da, eta Sustrai Colina izan da gutxien jaso dituena:
Badakigu zortzi bertsolari hauek historiara pasako direla, eta gero eta artikulu hobeak ditugu. Baina historian badira ahaztuta geratu diren beste hainbat. BTNren batean parte hartu duten eta Wikipedian artikulurik ez duten 123 bertsolari daude une honetan (https://w.wiki/64xo), artikulua duten 174 bertsolariekin alderatuta (https://w.wiki/64xq). Gainera, 72 bertsolarik ez dute argazki librerik, hauetako bat baldin baduzu, bertsolaritzaren historiak eskertuko dizu: https://w.wiki/64xr.