WIKIDATAk 10 urte. Zer da eta nola balia dezaket? (2022-10-26)
Wikidataren 10 . urteurrenean hitzaldia bat eta tailer bat antolatu dugu. gonbidatuta zaude:
Eguna: Urriaren 26an, asteazkena,
Ordua: 15:30-17:00
Non: Donostiako Informatika Fakultateko 0.1 laborategian
Uztailean Informatikari Euskaldunen Bilkuran aurkeztu genuen ponentzia baten laburpena da hau.
Bertan azaldu genuena wikilarien blogean ere baliagarria izan daitekeenez blog honetara ere ekarri dugu. Wikidataren 10. urteurrena ospatzen ari garenean, azalpen hauek wikilari berriak motibatzeko baliagarria izan daitezkeela uste dugu. Uztaileko aurkezpenaren gardenkiak ere ikus ditzakezu.
—————————————————————————————————————————
Informatika ikasten Wikipedia eta Wikidata laborategi gisa hartuta
Informatikari Euskaldunen Bilkura (2022)
Ekhi Azurmendi*, Oier Elola*, Galder Gonzalez**, Josu Loidi*,
Kepa Sarasola* **, Uxer Ugarte*, Aimar Zabala*, Ana Zelaia*.
* Informatika Fakultatea. UPV/EHU
** Euskal Wikilarien Kultur Elkartea (EWKE)
Ikasleak Wikipediako artikuluak sortzen eta hobetzen
Unibertsitatearen eta Wikipediaren arteko elkarlana funtsezkoa izaten ari da Euskarazko Wikipedia handitzeko eta hobetzeko. Hainbat fakultatetako ikasleek eta irakasleek elkarlanean dihardute Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kideekin. Euskarazko artikulu berriak sortzeko edota dagoeneko existitzen direnak hobetzeko, denon eskura publiko jarriz. Proiektua martxan jarri zenetik, artikulu dezente landu dira. Adibidez, Informatika Fakultatean etenik gabe ibili gara 2016tik eta 25+21+40+25+36+35=182 artikulu landu dira 2021 urtera arte, horietako asko berriak euskarazko wikipedian. Baina, lortutako emaitza ez dugu artikulu kopuruan soilik neurtu behar. Ikasleak wikilari bihurtu dira; betidanik Wikipedia kontsumitzaile izan diren ikasleak sortzaile-paperean jarri dira. Edukiak landu dituzte, hizkuntza landu dute, lan kolaboratiboa egin dute. Urtez urte parte hartu dutenak 36+32+60+52+40+50=270 ikasle izan dira. Haien lanaren tutorizazioan fakultateko 10 irakasle inguru eta 4 wikilariren parte-hartze zuzena izan dugu, wikipediako artikuluen edizioari buruzko ikastaroa emateko eta edozein arazo teknikorekin laguntzeko.
Informatikako ikasleak Wikipedian eta Wikidatan programatzen
Are gehiago, artikuluak sortzen bakarrik ez, Informatikako ikasleek programatu ere egiten dute, Wikipediarekin. Wikipedia (eta Wikidata) laborategi oso egokia baita programazioa lantzeko. Lau ikuspuntu hauetatik esan daiteke hori:
- Wikipedian testu asko eta Wikidatan datu andana dagoenez, gaur egun ikasgelan egiten diren informatika ariketa asko benetako datuekin egin daitezke, eta ez, maiz gertatzen den bezala, datu gutxi fiktizio batzuekin, ariketarako propio asmatu izaten direnak. Wikipediako datuak baliatuz gero, datu errealekin lortu direnez, programen emaitzak jendarterako baliagarri izan daitezke.
- Wikipediako testuetan zuzenketa edo edizio masiboak egin daitezke programa bidez. Informatikari batentzat oinarrizko baliabide diren espresio erregularrak erabilita bilaketa, eguneraketa eta zuzenketa oso interesgarriak egin daitezke. Hemen berriro esan dezakegu, ikasgelako ariketek emaitza ikusgarri eta sozialki baliagarriak izaten direla. Ariketak ez dira tiradera batean geratuko, emaitza praktiko horiek lortzea motibagarria izaten da ikasleentzat.
- Wikidatan datu asko gehitu daitezke programa bidez. Eta Wikidatan dauden datuak eskuratzeko eta bisualizatzeko kontsulta oso interesgarriak egin daitezke Sparql lengoaia erabiliz.
- Azkenik, eta hau da aukera irekiena eta interesgarriena, informatikako ikasleek programatu egin dezakete Wikipedia eta Wikidatarekin.
Programazio-lanak. Adibideak
Lan mota berri hauei ekin genien 2021ean. UPV/EHUko EgelaPi plataforman eta Informatika Wikiproiektuan jasotzen den bezala programazio-lan hauek landu ditugu Fakultateko ikasleekin (parentesi artean jarri dugu lau lan mota horietako zein den):
- (1) 1. mailako Oinarrizko Programazio irakasgaian ikasturte bukaeran praktika berezi bat antolatu zen Euskal Herriko zazpi lurraldeetako udalerrien azalera eta biztanle kopurua abiapuntu gisa hartuta. Zein da nire herriaren biztanle dentsitatearen antzekoena duen udalerria beste lurraldeetan?
Adibideak:- Informatikako programazio-ariketak Wikidatako datuekin: jolastoki berria!
- Munduko herrialdeak eta aurkitu daitezkeen ezaugarri sozioekonomiko batzuekin
- Euskal literaturaren armiarma sarea Wikidatan aztergai
- Emakumezko alkateak Hego Euskal Herrian, Wikipedian artikulua dutenak. Herriaren populazioaren arabera ordenatuta
- (2) Zein artikulutan agertzen da “berria.eus” karektere-katea url batean?
(2) Ordezkapenak egin Wikipediako artikulu guztietan zehar, “ueu.org” guztiak ordeztu “ueu.eus” jarriz. - (3) Tolosaldeako 14 pertsonaia garrantzitsuren datuak sartu Wikidatan (Ekhi Azurmendi, Asier Alaña).
- (3) Euskal Herriko mendien mapa interaktiboa (query.wikidata.org) Euskal_Herriko_mendiak artikuluan erabiltzen da (Uxer Ugarte).
- (4) Bibliaren bertset guztiak markatzea Euskal Wikipedian, Python bidez (Josu Loidi).
- (4) Aldiri aldizkariko egile guztiei sexu/generoa Wikidatan dauden EHko pertsonen generoa modu erdiautomatikoan (Oier Elola).
- (4) Wikipedian automatikoki sortzen diren erreferentzietan txarto jasotako izen-deiturak automatikoki zuzentzeko programa (Ekhi Azurmendi).
- (4) Ingelesezko Higher or Lower jokua eredutzat hartuta (http://www.higherlowergame.com/) , euskarazko wikipediako artikuluen bisita kopurua baliatzen dituen joku bat garatu du Aimar Zabalak. Jokuaren ideia da euskarazko bi artikulu emanda, asmatzea horietatik zein izan den gehien kontsultatu dena. GitHub-en: https://github.com/aimarZ/gehiken
- (4) Lehenago 2019an 4. mailako Xabier Garmendia ikasleak EU_MineralBot wikibota sortu zuen eta 500 artikulu sortu zituen automatikoki Wikipedian. Ikus aurkezpena Informatikari Euskaldunen Bilkuran
—————————————————————————————————————————
Irakasle edo ikasle zarela eta interesatuta zaude? Egin ditugun ariketak dokumentatuta ditugu Informatika Wikiproiektuan. Proiektu berriak ere planteatu ditugu aurten wikiproiektu horretan. interesatuta bazaude kuskuseatu wikiproietuan eta galdetu. Lagunduko dizugu zuretzako jarduera bat aurkitzen eta aurrera eramaten.
Edo hobeto… etorri urriaren 26an Informatika Fakultatera.