Frisia, Irlanda eta Euskal Herriko wikilari eta irakasleak batuko dituen Erasmus+ proiektuaren formakuntza saioak egin ditugu egunotan Donostian. Hurrengo bi urteotan, Antiguako Luberri BHIko ikasleek Monaghan eta Leeuwardeneko ikasleekin batera gure herrietako emakumeen inguruan idatziko dute.

Frisiako Mercator European Research Centre, Algemiene Fryske Ûnderrjocht Kommisje (AFÛK) eta Learning Hub Friesland taldeen laguntzarekin, Erasmus+ proiektua abiatu dugu Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak eta Antigua-Luberri BHIk. Gurekin batera arituko dira Wikimedia Community Ireland eta Coláiste Oiriall irlandarrak. Helburua herrialde bakoitzeko emakumeen biografiak Wikipediara igotzea izango da, eta prozesu hori nola egin dugun azaltzen duen material pedagogikoa sortzea, Europako gainontzeko eskolatan erabili ahal izateko.

Lehen urratsak aurten Leeuwardenen eman bagenituen ere, irakasleen formazioaren txanda izan da 2022ko ekaineko azken astean, eta horretarako bildu gara Gipuzkoan lau egunez. Irakasle eta antolatzaileekin batera eztabaidatu dugu nola sortu artikuluak Wikipedian, zein den Copyrightaren garrantzia, emakumeen biografiekin egon ohi den desoreka edo hizkuntza batean ahots grabazioak egiteko erabili daitekeen softwarea. Gainera, mundu mailako beste proiektu batzuen ingurukoak entzun ditugu eta Zumaia BHIko Txikipedia proiektua azaldu diegu.

Irakasle eta antolatzaileekin inguruan egin daitezkeen beste kultura-jarduera batzuk ere antolatu ditugu. Erasmus+ proiektuaren helburuen artean museo eta artxiboekin lan egiteko aukera ere aztertu behar da. Horretarako Albaolan izan ginen, Hondalea bisitatu genuen eta Zumaian flyscharen inguruko argibideak izan genituen.

2023 eta 2024 urteetan hiru truke antolatuko ditugu hiru eskolen artean. Bakoitzean trukean doazen ikasleek beste herrietako emakumeen artikuluak sortu beharko dituzte, hala nola euren kulturari buruz ikasi. Lehenengo trukea 2023ko martxoan izango da, Monaghanera.