Bideo pedagogikoak, euskaraz eta libreak

Azalpen bideoetan espezializatutako proiektua da Ikusgela. Sarean euskararen presentzia areagotzeko eta euskarazko Wikipedia osatzeko helburua du. Ikasleei zein landutako gaietan interesa dutenei erakargarria egingo zaien tonu freskoarekin, baita narratiba berrietara egokitutako lengoaia eta baliabideak erabiliz ere. Bideo guztiak, gainera, eduki libreekin osatu dira, eta sortutako materiala ere librea izango da, sarean aritzeko modu baten erakusgarri.

Webgune bat du, baina proiektuaren funtsa ez da edukiontzia; edukia bera baizik. Horregatik, webguneak baino garrantzi handiagoa du Wikipediak eta Youtubeko kanalak; baita eduki hori sare sozialetan zabaldu eta sustatzeko bide berritzaileak aurkitzeak ere. Ikusgelak zubi lana ere egin nahi du: euskara eremu formalean soilik erabiltzen dutenak eraman nahi ditu eremu informalean ere euskarazko edukiak ikustera.

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak koordinatzen du proiektua, Eusko Jaurlaritzak diruz babestu eta Hiru Damatxok ikus-entzunezkoen adarra jartzen du. Hasiera puntua 2019an du, UEU-EWKE Humanitate Digitalen lehenengo ikerketa-beka irabazi zuen “Esplorazio ikerketa sareko euskarazko ikus-entzunezko eduki pedagogiko libreen sortze prozesurako” proiektuarekin. Ikerketa egin ondoren 2deon prototipo bat egiteko aukera lortu zuen proiektuak. Horren ostean Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babesa eman dio ekimenari eta honela jaio da Ikusgela.

Hannah Arendt eta Simone de Beauvoir

Hego Euskal Herrian aurten lehen aldiz sartuko dira Hannah Arendt eta Simone de Beauvoir filosofoak Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioan, eta bi autore horien gaineko bideo banarekin hasi du ibilbidea Ikusgelak, eskolako edukiak lantzerakoan sumatzen zen gabezia bat arindu asmoz. Dagoeneko sarean daude bi bideoak, autoreek Wikipedian duten sarreran, Ikusgelaren sare sozialetan eta www.ikusgela.eus atarian. Lehen bi bideo horiek sortzeko aholkulari akademiko gisa jardun dute Agora Filosofia Elkarteko eta UPV-EHUko Joxe Azurmendi Katedrako kideek. Ikus-entzunezkoaren alorrean Hiru Damatxo ekoiztetxea aritu da bideoak sortzen. Sail honetako ahotsa Klara Badiolak jarri du.

Irailean indartsu

Uda ostean ekingo dio Ikusgelak bere jardun osoari, iraila erdian aurkeztuko dira lehen ikasturteko sailak. Batzuetan animazio teknikak erabiliko dira, beste batzuetan aurkezle batek gidatuko du edukia. Hainbat jakintza esparruren gaineko azalpen bideo pedagogikoak egitea da asmoa, libreak eta euskaraz.

1 comments