Hirugarren urtez UEU-EWKE Humanitate Digitalen Beka proposatu dugu 2021ean. Lehenengo deialdian proposamen bakarra aurkeztu zenez, berriro ireki zen proiektuak jasotzeko aukera. Epe berria 2022ko urtarrilean amaitu zen, eta epaimahaia (UEUko bi ordezkari eta EWKE batek osatua) 2022ko otsailaren 10ean bildu zen, telematikoki.

Proposamenak aztertu ostean, bi beka ematea adostu zen, honako proiektuei:

Be[di]girada – Gizaki digitalaren eta digitalizazio gizatiarraren lanketa hezkuntzan integratzeko proposamena

Proiektu honek filosofiaren esparruan ikerketa egin nahi du material didaktiko osagarria, gamifikazioa eta Wikimedia kontuan hartuta. Proiektua interesekoa zela ikusi zuen epaimahaiak, humanitate digitalei duen loturagatik, askotan zaila den filosofiaren esparruari lotzen zaiolako, eta gamifikazioaren ideiak Wikimedian izan dezakeen bideak aztertzea interesgarri deritzolako.

Proietkuaren egileak Amaia Arroyo Sagasta, Hezkuntza eta Komunikazioan doktorea eta HUHEZIko irakaslea eta Egoitz De La Iglesia, Filosofian doktorea izan dira.

XVIII. mendeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako argitalpenen zerrenda laburra

Egitasmo honen asmoa da XVIII. mendean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan argitaratutako idazlanen zerrenda partzial baina anbiziotsu bat ateratzea. Horretarako, lagin adierazgarri bat aterako da epe horretarako Lau Haizetara katalogotik eta Sancho el Sabio Fundaziotik; Bilketari eta Nafarroako Liburutegiari ere erreparatuko zaie. Ezagutza libreaz erabiltzaile digitalei informazio hori eskueran jarriz, hainbat arlotan baliatu ahal izango da ikerketan zein hezkuntzan, Euskal Herriko irudi oso bat eskuratzeko oinarriak finkatuz. Halaber, elementu bibliografiko horiei buruzko euskarazko Wikipedia artikuluak egiteko aukerak zabalduko ditu.

Proiektua Iñaki Lopez de Luzuriagak egin du, Euskal Filologian lizentziatua, itzultzailea eta Humanitate Digitalen Aditu tituluko ikasleak.

____________________________

Proiektuak 2022an zehar garatuko dituzte, eta horretarako bai UEUren zein Errenteriako Udalaren Torrekuako baliabideak erabiltzeko aukera izango dute. Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak eta Udako Euskal Unibertsitateak aukera asko ikusten dituzte Humanitate Digitalen inguruan ikerketak bultzatzen jarraitzeko.

Interneten, 2022ko otsailaren 10ean