Elhuyarrek sortutako elia.eus itzultzaile neuronala dagoeneko Wikipedian erabil daiteke, zuzenean, Elhuyarrek, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak eta Wikimedia Fundazioak egindako elkarlanari esker. Eliaren bidez, euskara, ingelesa, gaztelania, frantsesa, katalana eta galegoaren artean itzul daiteke, artikuluak sortzea azkartuz, hizkuntzen arteko ezagutza areagotuz eta munduko ezagutza guztia euskaraz egon dadin erraztuz. Wikilariok hilabete batzuk daramatzagu tresna berri hau erabiltzen, eta emaitzak oso onak dira. Artikulu honetan, tresna nola erabili azalduko dizugu.

ContentTranslation: artikulua aukeratu

ContentTranslation edukiak itzultzeko Wikimediaren tresna da. Bertan artikulu bat aukeratu dezakegu eta itzuli. Horretarako, beharrezkoa izango da Wikipedian kontu bat sortzea (ez baduzu, egizu orain!). Bi aukera dituzu sartzeko: zuzenean Berezi:ContentTranslation jarrita Wikipediako bilatzailean edo, bestela, zure erabiltzaile menuan dagoen “Itzulpenak” botoiaren gainean klik eginda.

Hor “+ Itzulpen berria” botoian sakatuko dugu eta aukeratuko dugu zein artikulu itzuli nahi dugun. Gure adibidean, “Mia Mottley” artikulua aukeratuko dugu, oraintxe Errepublika izendatu den Barbados uharteko lehen ministroa.

Gaztelaniatik itzuli nahi dugula esango diogu (nahiz eta beste hizkuntza batetik ere egin daitekeen), eta izenaren gainean klik egin ostean, “Hasi itzultzen” sakatuko dugu:

Artikulua itzultzen hasi

Sistemak bi zutabetako egitura bat erakutsiko digu. Ezkerrean jatorrizko testua dago, eskuman, gure itzulpena egongo da. Goian, kasu honetan, izen berbera izango dute biek (Mia Mottley izena ez da aldatzen). Baina izenburua aldatu behar bada, bertan egin beharko duzu.

Paragrafo bakoitzaren ondoan klik eginez eskumako zutabean, aukera izango dugu itzulpena egiteko. Eskumako menuan “Elia.eus” aukeratuko dugu eta “Gorde lehenetsitzat”, beti aukera hau ager dadin.

Paragrafo baten itzulpena. Ikusten denez, testua ez da guztiz zuzena. Hori hobetu beharko dugu, eskuz.

Testua itzultzeaz gain, akaso moldaketak ere egin behako dira. Kasu honetan, adibidez, jada egindako zerbait etorkizunean gertatuko zela iragartzen zen. Euskarazko testuan, jada hori aldatuko dugu.

Behin testuarekin ados egonda, goian dagoen “Argitaratu” botoian sakatuko dugu. Baliteke hor esatea testua ez dugula nahikoa aldatu, eta ez uztea argitaratzen. Izan ere, sistemak ez du berrikusi gabeko itzulpenik argitaratzen uzten. Beti aldatu beharko dugu hitzen bat, esamolderen bat edo esaldiren bat, berrikusi dugula ziurtatzeko. Behin hori eginda, argitaratzeko prest egongo da.

Ez baduzu amaitzen, lasai. Itzulpenarekin egindako aurrerapena gordeko da eta ContentTranslation webgunera itzultzen zaren hurrengoan, hor izango duzu ere jarraitzeko edo argitaratu ahal izateko.

Argitaratu ostean, zer?

Argitaratu ostean detaile txikiak konpontzeke daude, adibidez formatu arazoak, txantiloiren bat edo falta diren kategoriak. Hau eskuz egin daiteke ondoren. Adibidez, “Aldatu > Txertatu > Txantiloia” klikatuz gero, “Biografia infotaula automatikoa” sartu ahal diogu kasu honetan.

Argitaratutako artikuluak itxura hau izango du: https://eu.wikipedia.org/wiki/Mia_Mottley

Eskerrik asko Elhuyar, opari eder honengatik. Orain zure txanda da!