Kaixo Eniisi Lisika. Askotan ikusten zaitugu euskarazko Wikipedian editatzen, baina ez zara Euskal Herrian jaioa. Nor da Eniisi Lisika eta zer du gogoko?

Kaixo euskaldun guztiei. Bai, zuzen zaudete, euskarazko Wikipedia askotan irakurtzen dut eta artikuluetan akatsak ikustean beti zuzentzen ditut. Errusian bizi naiz eta nire egiazko izena Vitali (Виталий, Vitalij errusieraz) da, baina gaur egun Eniisi Lisika izena hobesten dut. Zer esan nahi du izen honek eta nondik eratorri den? Izen hau nik «eskuz» sortutako hizkuntzatik eratorri zen eta «Arrano Hilezkorra» esan nahi du. Hizkuntza hori krutxiera da (berezko izena Baazdul Krotol’, «espirituen hizkuntza», duena; ingelesez «Crootch» da hizkuntzaren izena); krutxiera nik neuk osoki sortu nuen eta oso hizkuntza zaila da; 25 kasu gramatikal eta 15 denbora gramatikal gutxi-gorabehera dituelako. Hizkuntzak 2.500 hitz ditu gutxi-gorabehera eta garatzen jarraitzen dut. Euskaratik hartutako hitz batzuk ere ditu (baina krutxierazko hitzen 90% ez dira maileguak eta neuk sortu nituen hitz horiek): euskarazko maileguak dituen hizkuntza ez da oraindik izan Lurrean, beraz, gogoeta hori atsegingarri iruditu zitzaidan.

Igarri duzue jadanik hizkuntzak oso gogoko ditudala eta egia da: hizkuntzen mundua harrigarria da eta ni osoki bizi naiz mundu honetan; «arrain bat uretan bezala» esango genuke errusieraz. Nolanahi ere, euskara Lurreko hizkuntza atsegingarriena da niretzat eta, beraz, euskara ikasten hasi nintzen 2018an. Beste hizkuntzak ere ikasten ditut: alemaniera, poloniera, bepsaera (nire errepublikako oso hizkuntza txikia) eta, noski, ingelesa. Horrez gain, abestea gogoko dut, krutxieraz eta euskaraz bereziki, eta batzuetan euskara eta krutxierara abestiak itzultzen ditut.



Nolatan hasi zinen euskaraz idazten?

Lehenago esan bezala, euskara Lurreko hizkuntza ederrena da niretzat. Eta Wikipedia ere aspalditik atsegingarria dut proiektu hau hizkuntzekin lotuta baitago. Errusierazko Wikipedian aritzen nintzen bakarrik lehenago, baina gaur egun euskarazko Wikipedian ere aritzen naiz. Nire jakintza jadanik nahikoa denez, artikuluak itzultzen hasi naiz eta hizkuntzei buruzko artikuluak hobetu nahi dut.

Zergatik euskara atsegin duzu zehazki?

Hizkuntzak soinuaren arabera nagusiki epaitzen ditut. Gramatika ere garrantzitsua da zalantzarik gabe, baina soinuak lehenengo zirrara egiten du eta euskara lehen aldiz entzun nuenean, bere soinua zirraragarri iruditu zitzaidan: oso ederra! Gaur egun oraindik ere txundigarri iruditzen zait euskararen soinua (200 hizkuntza baino gehiago entzun nituela kontuan hartuz). Eta bigarren gauza: euskara hizkuntza bakartua da, guztiok dakigunez. Horrelako hizkuntzak interesgarrienak eta oso misteriotsuak dira. «Zein hizkuntza ederra, euskera guria! Inun ez det arkitzen beste bat hobia!».

Wikimediako zein proiektutan zara aktibo?

Errusierazko eta euskarazko Wikipediaz gain, bepsaerazko Wikipedian ere aritzen hasi nintzen, baina bepsaeraren jakintza oraindik txarra dut, beraz, ezin dut asko egin, artikulu txikiak idatzi bakarrik. Errusierazko Wikipedian hainbat artikulu on eta nabarmenak idatzi nituen, baita euskarari buruzko artikulua hutsunetik nahiko luze izatera garatu ere. Horrez gain, errusierazko Wikiversity proiektan euskararen ikasgai batzuk idatzi nituen. Sarritan Wiktionary (Wikimediako hiztegia) irakurtzen dut, bereziki hitzen jatorriei buruz jakiteko, baina ez ditut bertako artikuluak aldatzen. Batzuetan Wikipediaren beste ataletako artikuluak aldatzen ditut, ohitura bitxia da: beste hizkuntzetan idatzitako testuak irakurri gogoko dut, hizkuntza horiek oraindik ez jakin arren. Hitzak oso gogoko ditut!

Zergatik da zuretzat garrantzitsua euskara bezalako hizkuntza txikiek Wikipedian indartsu egotea?

Egia tristea da, baina gaurko munduan ia guztiek ingelesa jakin nahi dute, beste hizkuntzak ahaztuz. Hizkuntza txikiak suntsitzen dituzten hizkuntza indartsu batzuk ditugu eta urte berri bakoitzarekin egoera txarrago bihurtzen da. Nik hizkuntza indartsu hauek inoiz ez nituen atsegin, hizkuntza txikiak baizik. Noski, ingelesa ere ikasi behar nuen eta oso hizkuntza erabilgarria da gaur egun, baina ez da inoiz atsegina izango niretzat. Eta Wikipedia, uste dut, hizkuntza txikiak gordetzen laguntzen digula. Ingeles eta besteek indar handia dute, baina ez dut itxaropena galtzen. Oso pozik nago euskarazko Wikipedia indartsu dagoelako.

Zure Wikipediako profilean diozu euskaraz bizi nahi duzula. Euskaraz bizi zaitezke Errusian? 

Egia esanda, askok ez dakite euskara zer den errusiarren artean. Nire lagun guztiek ere, ezagutu nituenean, ez zekiten, baita nire irakasleak (alemaniera edo latinera irakasten dutenak, adibidez) ere. Hemengo jendeari sarritan azaldu behar dut euskara zer den eta zergatik harrigarria den, baina ez nago triste euskaraz bizitzea lortzen dudalako nolanahi ere, Internetari esker.