Orio edo Pasai Donibane? 80 urteko etiketatze oker bat konpondu nahian
Txiolari batek mezu pribatua bidali zigun aurrekoan, ohartarazten Pasai Donibaneko traineruak artikuluan agertzen zen 1941eko irudia ez zela Pasai Donibane, Orio baizik. Wikipedian artikulu bat zuzentzea erraza bada ere (dagoeneko jartzen du Orio dela) argazkien kasuan eztabaida handiagoa izan daiteke: izan ere, 1941ean egindako argazki sorta horretan (15 argazki dira, guztira) Pasai Donibanen atera zirela jartzen du, argiki Orio bada ere.
Argazkiak Vicente Martinek egin zituen, 1926an jaio eta 2016an hil zen argazkilari donostiarra. Bere argazki guztiak Car Funtsari eman zizkion eta honek Kutxa Fototekari. Kutxa Fototekak lizentzia librearekin jarri zituen GureGipuzkoa ekimenaren baitan eta Wikimedia Commonsen argazki guzti horiek gurera igo genituen, Wikipedian (eta beste edozei proiektutan) erabili ahal izateko. Vicente Martinen 1.236 argazki daude, eta horietako askok balio dokumental izugarria dute, frankismoaren hasierako Gipuzkoa dokumentatzen baitute.
15 argazki hauek, ordea, akats bat dute. Ez dakigu akatsa digitalizatzerakoan sortu zen, edo Martinek berak gaizki sailkatu ote zituen, baina argiki Orio diren horiek Pasai Donibane gisa agertzen dira. Galdera, ordea, beste bat da: argazkian agertzen diren arraunlariak oriotarrak dira eurek irabazitako bandera bat edo denboraldi ospatzen ala pasaitarrak dira Orion irabazi ostean?
1941ean Oriok ez zuen Kontxako Bandera irabazi (Hondarribia izan zen garaile eta San Juan 2.). 1940an (Amaikak Bati 35 segundo aterata) eta 1942an (San Juani 9 segundo aterata) bai, Orio izan zen irabazle. Hala ere, beste argazki hau ikusita, ematen du hainbat garaipen ari direla ospatzen.
Wikilariok katalogazioa ahalik eta hoberen egiteko asmoa dugu. Kasu honetan akats bat aurkitu dugu, baina galderak erantzun bat behar du: Orioko arraunlariak dira Orion ospakizunetan edo Pasai Donibanekoak dira… Orion ere ospakizunetan?
Hemen uzten dizuegu argazki guztiei lotura, ea soluzio bat ematen diogun aferari.