2020ko uda ere berezia izango da, COVID-19 pandemiaren ondorioz bertan behera geratu direlako askotan egin ohi ditugunak: turismoa, bidaiak, jaiak… baina guk gure herria bizi nahi dugu. Horregatik proposatzen dugu WikiBizi Euskal Herria ekimena. Uztailaren 1etik irailaren 30era bitarte gure herria hobeto ezagutzeko proposamenak biltzeko gunea.

Bidaia Gida ireki bat

#WikiBizi ekimenaren baitan sortu dugun lehen proposamena Euskal Herriko Bidaia Gida irekia da. Euskal Herriko Bidaia Gida ireki honetan edonork idatzi dezake zer ezagutu daitekeen bere herrian, non jan, non lo egin, zer ikusi nondik ibili.

Gainera, Wikipedian Euskal Herriko udalerri bakoitza lotuta egongo da bere bidaia gidarekin, ezkerreko menuan dagoen Wikiliburuak loturaren bidez.

Bidaia Gidan ibilbideak ere txertatu ditugu, eta norberak ibilbide berriak proposa ditzake, modu oso erraz batean (hala uste dugu). https://eu.wikibooks.org/wiki/Euskal_Herriko_bidaia-gida/Ibilbideak Hasteko, Berriak orain arte argitaratu dituen Ibilkari saileko ibilbide guztiak txertatu ditugu! (cc-by-sa lizentziapean daudela probestuz).

Ibilbide horiek udalerrika ere antolatzen dira, modu erdi-automatikoan (edo). Adibidez, Orion bi ibilbide daude orain, baina udalerriari buruzko informaziorik ez (zuek bete!).

Ibilbide bakoitza argazkiz hornitzeko aukera dago, horretarako propio jarritako botoian. Begira, adibidez, proposamen honetan igotako argazkiak: https://eu.wikibooks.org/wiki/Euskal_Herriko_bidaia-gida/Ibilbideak/Aitzorrotz,_Nafarroako_Erresumaren_gaztelua

Hiru argazki lehiaketa

Baina badugu gehiago! Urtero WikiLovesMonuments, WikiLovesEarth eta WikiLovesFolk lehiaketak antolatu ohi dira. Hiru horiek batu eta uda osoan zehar hiru argazki lehiaketa antolatuko ditugu, ondarea, natura eta kultura hizpide.

Laster izango duzue lehiaketa horien inguruko informazio gehiago.

Museoekin elkarlana

Museoekin elkarlanean aritu nahi dugu. Bidea hasi dugu jada, asko baitago egiteke. Ideia batzuk:

  • Zuen museoaren berri eman gure bidaia gida irekian.
  • Zuen bildumaren ale interesgarrienen argazkiak edo audioak igo Wikimedia Commonsera.
  • Zuen bildumaren datuak igo Wikidatara.
  • Bisita gidatu bat antolatu wikilariekin zein nahi duen ororekin. Ondoren, edizio tailer bat egin bildumaren edo museoaren gaiaren inguruan idazteko, museoko adituen parte-hartzearekin.

Euskal Herria hobeto ezagutzeko ekimenak

Udan zehar hainbat ekimen egingo ditugu #WikiBizi izenarekin, Euskal Herria hobeto ezagutzeko. Jarduera hauek bertatik bertara egin nahi ditugu, eta Wikimedia aberasteko baliatu. Adi egon!