Urdiaingo toponimia Txikipedian lantzen
Orain hilabete aipatzen genuen Sakanan 2019aren amaieran irekitako bideak fruituak eman zituela Altsasuko Iñigo Aritza ikastolan eta Uharte Arakil zein Urdiaingo herri eskolatan. Joan zen astean beste pauso bat eman genuen proiektu honetan, Urdiainen lau astez lantzen egon diren toponimiari buruzko informazioa Txikipediako artikulura igoz. Berriro ere, inoizko wikilaririk gazteenek, komunal digitala aberastuz asko ikasi daitekeela erakutsi digute.
Toponimia ezagutzen, gal ez dadin
Urdiainek, Euskal Herriko herri askok bezala, toponimia aberatsa du. Urdiaingo udalak argitaratutako mapa honetan ikusten den bezala, izen asko aurkitu daitezke. Aurreko belaunaldientzat oso praktikoa zen hau: “amona Arkutzabarrenan dago, joan eta esaiozu izeba bila etorri dela” esatea nahikoa zen jakiteko nora joan behar ziren, baita nondik ere. Gaur egun, ordea, informazio hau guztia galtzen ari da, eta urdiaindar gazte askorentzat zaila da ulertzen herriko etxeetako mugetatik haratago ere udalerriak jarraitzen duela.
Proiektuaren atal honetan, beraz, Euskarabideatik lortutako mapa toponimiko handi bat lortu eta binaka lau izen aukeratu behar izan dituzte. Irizpidea: euren atentzioa deitzen zien izenak izan behar ziren, eta ezin ziren errepikatu. Horrela hartu dituzte Txozazelaia, Batzarramendi, Buztintza edo Otalde bezalako izenak, eta euren atzean zer dagoen ikertu.
Toponimiak esaten diguna
“Zergatik deitzen da leku hau Batzarramendi?”. Ez da galdera inozoa: ezer ere jakin gabe pentsa dezakegu mendi bat dagoela, edo mendiko leku bat dela, eta bertan batzarrak egiten zirela. Duda horiek argitzeko bi bide izan dituzte ikasleek: alde batetik euren aiton-amonei galdetzeko aukera zuten, belaunaldien arteko transmisioaren garrantzia ulertuz; beste aukera Mariano Galartzari galdetzea zen, Urdiaingo toponimia jaso duen aditua. Bigarren hau errazteko, Mariano bera gonbidatu zuten eskolara, eta banaka joan ziren euren toponimoen esanahia aletzen. Ikasleek, fitxa batean apuntatzen zuten adituak esandakoa.
Asko esaten digu toponimiak: batzuetan geografia ikasteko aukera dugu (Erburua, Bargea, Berroeta); beste batzuetan, ohitura bati dagokio (Txozazelaia); ondareari buruz ere ikasi daiteke (Sanmartinkalde, Kortela); baita historia ere (Batzarramendi). Eta gaur egungo kale izen batzuek behinolako beste ezaugarri bati dagokiola ere ikus daiteke, arreta jarriz gero.
Txikipediara igotzea
Ikasitako guztia komunal digitalera igotzeko unea heldu zenean wikilari baten laguntzarekin Txikipediara igo zuten zituzten fitxa guztien edukia. Banaka, eurek ikasitakoa esan eta garbira pasa genuen, egunean bertan argitaratuz. Emaitza ikusi nahi baduzu, egin klik hemen.
Hurrengo pausoa txango bat izango da, toponimo horietako batzuk aukeratu eta bertaraino joanez argazki batzuk egiteko. Helburu berria, beraz, leku horiek dokumentatu eta Wikimedia Commonsera argazkiak igotzea izango da.