Arte bilatzaileak, hezkuntzarako tresna
Wikidata eta Wikimedia Commonsi esker artea bilatzea inoiz baino errazagoa da. Blog sarrera honetan antzeko funtzioak dituzten hiru tresna erakutsiko dizkizuegu: openArtBrowser, Crotos eta art.wikidata.link. Baina, lehenago, sarreratxo bat euren atzean dagoen funtzionamenduaren inguruan.
Wikimedian artea sailkatzen
Wikimedian artea sailkatzen aritu gara azken urteotan wikilariok. Libreak diren artelanak igo (egilea orain dela 70 urte baino gehiago hil bada, kasu gehienetan) Wikimedia Commonsera, artelan horiek katalogatu eta bertan agertzen dena deskribatu Wikidatan eta informazio horrekin Wikipediako artikuluak sortu ditugu.
Baina behin katalogoa egin dugula posible da Wikidatan dagoen datu-baseko informazioa baliatzea beste tresna batzuk sortzeko. Wikidatan, laburrean azaltzeko, artelan baten oinarrizko informazioa biltzen dugu: norena den, zein mugimendukoa, zer material, garaia, non dagoen, zer agertzen den… adibidez, hau da Giocondaren Wikidata orrialdea. Tarte bat hartzen baduzu, ikusiko duzu datu bidezko deskribapen horri esker posible dela beste bilaketa batzuk egitea: egile baten obra guztiak, mugimendu batekoak, material bat dutenak, garai batekoak, museoaren arabera, edo koadroan agertzen diren kontzeptuena. Eta artelan hori Wikimedia Commonsera igo bada, aukera izango dugu bai artelana ikusteko (kasu batzuetan erresoluzio oso altuan) zein Wikipedia artikuluak irakurtzeko existitzen badira.
Ikus ditzagun adibide batzuk.
openArtBrowser
openArtBrowser Hochschule Darmstadt unibertsitateko ikasle batek abiatutako proiektua da. Modu oso ikusgarri batean erakusten dizkigu Wikidatako eta Commonseko datuak: egileka, mugimenduka, gaika, garaiaren arabera… bilatzeko aukera izango dugu, eta emaitzak ere denbora lerro batean ikusteko aukera izango dugu.
Edozein artelan aukeratzen badugu, aukera izango dugu ere antzeko artelanak ikusteko azpian: egile berberarenak, museo berberean daudenak, gai antzekoa dutenak… eta gainera artelan horretan agertzen diren gaiak ere ikusi ahal izango ditugu, berriak aukeratuz.
Adibide gisa, saia zaitezke Bilboko Arte Eder museoan dauden artelanetako batzuk ikusten: https://openartbrowser.org/en/location/Q127064
Momentuz ez dago euskaraz, bai ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez.
Crotos
Crotos aurrekoak egiten duenaren antza du, baina badu berezitasun bat: filtratzeko aukera izango dugu gure bilaketatan, eta Wikipediarako loturak zein tamaina handian ikusteko aukerak askoz ikusgarriagoak dira. Euskaraz ere ez dago, baina hizkuntza askotan duzu eskuragarri.
Bilatzailean nahi duguna idatziko dugu (egile bat, kontzeptu bat, mugimendu bat…) eta ondoren emango dizkigu Wikidatan dauden emaitzak. Emaitza horietan aukera izango dugu material motaren arabera irabazteko (koadroa, eskultura, marrazkia…) eta denbora lerroan ere irabazteko (goian eskuman dagoen -40.000 – 2016 hori), baita HD, irudia badagoen edo ez, edo Wikipedian artikulurik ote dagoen ikusteko.

Artelan bakoitzaren azpian ikus dezakegu ea kalitate handiko irudirik ote dagoen, Wikipediako artikulua zein den eta Wikidata zein Commonserako loturak.
Lotura horien bidez aukera polita izango dugu artelanari buruz gehiago jakiteko, eta bilaketa interesgarriak egiteko.
art.wikidata.link
art.wikidata.link ez da aurrekoak bezalakoa: honetan parte hartu dezakegu eta deskribapenik ez duten artelanak deskribatu. Bertan badago aukera bilaketak egiteko (Browse jartzen duen botoian; momentuz ingelesez baino ez da existitzen), baina interesgarriena da Wikipedian kontu bat izanez gero eskaintzen dizkigun ausazko artelanak katalogatu ahal ditugula.
Honen inguruan gehiago jakiteko, ikus https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Hezkuntza/Lehen_Hezkuntza/Ingelesa_ikasi_artelan_bat_deskribatuz