Toki komunikabideek altxor handi bat dute, gordeta. Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak eta Tokikomek elkarlanean Aiurri aldizkariak duen argazki artxiboa digitalizatu eta Wikimedia Commonsera igotzeko proiektu pilotua jarri dugu martxan, 1990eko hamarkadako 2.000 argazki baino gehiago komunalean jarrita.

Irudi guztiak ikusteko lotura: https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Images_from_Aiurri

1990eko hamarkada: zulo beltz digitala

Bazen garai bat, XX. mendearen hasieran, gutxi batzuek argazki kamera bat zutena. Argazkigintzaren aitzindari horiek milaka argazki egin zituzten, gaur egun ondare izugarria diren bildumak osatuz. Kasu batzuetan, domeinu publikoan daude argazki horiek, argazkilaria orain dela 70 urte baino gehiago hil zenean, adibidez (80 espainiar argazkilarientzat). Beste kasu batzuetan, instituzio publikoen eta argazkilarien familiaren arteko akordioei esker ondare hori digitalizatu eta publikoaren eskura jarri da. GureGipuzkoa.eus elkarlan horren adibide bikaina da, baina ez da, tamalez, ohikoena.

Bada beste gari bat, 2000ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, mundu guztiak kamara digital bat izan duena, eta zer esanik ez 2010eko hamarkadan mugikorretako kamerak ugaritu diren honetan. Gaur egun milaka argazki egiten dira, eta horietako batzuk komunal digitalean igotzen duten boluntarioak daude.

Baina bada zulo beltz bat: 1980ko hamarkadatik aurrera ohikoa izan zen kamera bat izatea etxean edo lantokian, argazkiak egin ziren baina ez dira digitalizatu; eta digitalizatu diren kasuetan copyrightdun argazkiak dira oraindik, ezin direnak Wikipedia bezalako proiektu askeetan erabili.

Gehitu diezaiogun beste zulo beltz bat: Euskal Herrian garai horretako argazki bilduma zuten bi egunkari itxi ziren (itxi zituzten) mende aldaketarekin batera. Artxiboen galera izugarria da.

1997ko uholdeak Andoainen. Aiurri, 60 zbk. 12. orr.

Tokikom eta EWKE elkarlanean

EWKEn bagenuen gogoa zulo beltz digital honi heltzeko, artxibategiak arakatu eta argazkiak askatzeko. Eta Tokikomekin batu gara hori egin ahal izateko.

Tokikom tokiko komunikabideen bateragunea da. 60 tokiko komunikabide biltzen ditu, guztiak euskaraz. 2019an eurekin bildu ginen, elkarlanean egin genitzakeen proiektuak aztertzeko asmoz, eta bilera horietan ikusi genuen argazki artxiboak digitalizatzea elkarlan posible eta desiragarri bat zela. Azken finean, artxibategi horiek digitalizatzea komunikabide askok amesten duten “etorkizuneko plan” horietako bat izaten da, eta elkarlan hau akuilu izan zitekeen horrelako zerbaiterako.

Tokikomen barruan dauden eragileen artean bat aukeratzea zen giltza, eta hor aurkitu genuen prest zegoen lehenengoa: Aiurri.

Hiru Truku musika taldea. Hau da talde honen argazki libre bakarra. Aiurri 43 zbk. 6. orr.

Aiurriren altxorra

Aiurri aldizkaria 1994an sortu zen. Hamaboskari izan zen ondoren, eta astekaria zein webgunea ere bada gaur egun. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak bultzatua, bertan dute ere euskal aldizkarien artxibo erraldoi bat. Euren argazki artxiboa eredugarria da: albumetan bilduta, erlatiboki erraza zen horiek aldizkariaren zenbaki bakoitzeko albistearekin lotzea.

2019ko azaroan hasi ginen digitalizazio lanean. Lau ziren egin beharreko lanak:

  • Argazki bakoitza ahalik eta kalitaterik handienean digitalizatu, eta argazki artxiboko negatiboak begiratu errebelatu gabeko beste argazki interesgarririk ba ote zen ikusteko.
  • Argazki horri kontestua eman: zer da ikusten dena, non egina den, zein albisteri dagokio, nor agertzen da eta zein kategoriatan sartuko genukeen zehaztu (hasieran oso zehatz hasi ginen, amaieran zortzi kategoria handi egitea erabaki genuen).
  • Argazki guzti horiek Wikimedia Commonsera igo eta dagokion moduan sailkatu. Honetarako Pattypan izeneko programa erabili genuen, kalkulu-orrialde bidez lan hau egiteko aukera ematen duena.
  • Aldizkari original bakoitza eskaneatu, PDF bilakatu eta Commonsera igotzeaz gain Wikitekara igo, lotura bidez eskuragarri egon dadin.
Korrika 9. Aiurri 11 zbk. 26. orr.

2.000 argazki baino gehiago igo ditugu, urteka, gaika zein udalerrika sailkatuta, 1990ean hasita eta 1997ra arte. Eta altxor bat aurkitu dugu.

Adibidez, Martin Ugalderen argazkiak, hainbat bertsolariren hastapenak, Leitzarango obrak, intsumisioaren mugimenduari buruz inoiz igotako lehen argazki libreak, BAP! taldearen argazki bat edo 1997an Andoainen izan ziren uholdeenak. Eta badirudi bakoitzak bere argazki kutunak ere badituela, sarean zabaldu diren modua ikusita.

Aurrera begira

Esperientzia ederra izan da, eta errepikatzea espero dugu. Alde batetik, herri komunikabideek ikusi dutelako euren artxiboa erakusteak ikusgarritasuna ematen dielako (bolo-bolo dabil gaia Andoainen egunotan, bertakoek esan digutenez). Bestetik, balio digulako artikulu asko hobetzeko, eta orain arte ezagutzen ez ziren gai batzuk erakusteko.

Izar peña- Gipuzkoako emakumezkoen lehen lagunarte errealista. Aiurri 42 zbk. 6 orr.

Prozesu luzea da, ordea. Alde batetik, artxiboa ondo ezagutzen duen norbait behar delako, argazkiak digitalizatzeaz gain bertan zer agertzen den esango duen norbait. Denbora hori garestia izaten da, eta finantziazioa beharrezkoa da, azkenean.

Espero dugu hau ez izatea dodo bat, behin bakarrik ikusiko dugun hegazti bitxi bat. Badugu aukera altxor hau erakusteko, eta badirudi tokiko komunikabideen aldetik ere interesa dagoela. Jarraituko dugu, beraz, komunal digitala altxorrez betetzen.

Irakurri ere: https://aiurri.eus/eskualdea/1582785512828-90eko-hamarkadako-ehunka-argazki-wikimedian-ikusgai-daude