Wikipedia lan kolektibo bat da, askoren artean idatzia, garatua, zuzendua, eraldatua eta eztabaidatua. Artikulu batzuek ehunka pertsonen lana dute atzetik, beste batzuetan pertsona bakar batek edo pare batek hartu dute parte. Wikipedian aritzen diren pertsonek modu boluntarioan idazten dute, eta artikulu baten egiletza begiratzea posible bada ere, ez da izenik agertzen artikuluaren hasieran edo amaieran, beste lan batzuetan ohikoa den bezala.

Orain tresna berri batek aukera ematen digu testu baten zati bat nork idatzi duen begiratzeko, baita wikilari horrek artikuluaren zein ehunekoa idatzi duen begiratzeko ere.

Wikimedia Fundazioak, wikilariek egiten dituzten eskarien ondorioz, “Nork idatzi du hori?” izeneko Firefox eta Chrome luzapena sortu du, artikulu baten egiletza ezagutzeko aukera ematen diguna.

Luzapena instalatu ostean, “Nork idatzi du hori?” jartzen duen botoi bat agertuko da zure Wikipediako menuan, ezkerrean.

Artikulu batean gaudenean nahikoa izango da botoi horri ematea, datuak kargatzeko denbora itxoitea eta artikuluaren gainean klik eginez informazioa eskuratu ahal izango dugu.

Sistema honek “WhoColor” teknologia erabiltzen du, momentuz bost hizkuntzatan baino ez dagoena eskuragarri, tartean euskaraz. Tresna horri buruz hitz egin genizuen WhoColor, talde-lanak ebaluatzeko tresna, euskaraz artikuluan.

1 comments

  1. KEPA MIRENA SARASOLA GABIOLA

    Elegantea hedapena!
    Eskerrik asko!