cc-by-sa-3.0 Theklan

Gaur egun informazio eta komunikazio teknologiak gero eta barneratuagoak ditugu gure egunerokoan. Horregatik, teknologia horiek modu kritiko eta seguruan erabiltzen jakitea gero eta beharrezkoagoa gertatzen zaigu bizitzaren arlo guztietan. Errealitate honi erantzunez, Sakanako Garapen Agentziaren eta Euskal Wikilarien elkartearen laguntzarekin, Uharte Arakilgo eta Urdiaingo ikastetxe publikoek eta Iñigo Aritza ikastolak hezkuntza sisteman Wikipediaren bidez gaitasun digitalak lantzeko ekimen pilotua abian jarri dute.

Ikasleen gaitasun teknologikoa lantzeaz gain, Wikipedia proiektuarekin bat eginda herriezagutza modu partekatu batean sortzea eta ezagutaraztea du helburu ekimenak.

Horretarako eragile bakoitzeko talde batek, gai jakin baten inguruko informazioa bildu eta aztertu ondoren, Wikipediak eskaintzen dituen tresna ezberdinen bidez argitaratuko dituzte. Horrela, Uharte Arakilgo eskola publikoak herriko zerbitzuak landuko ditu eta Urdiaingo eskolak Urdiainek sareetan duen irudia aztertu eta osatzea izango du helburu. Iñigo Aritza ikastolakoek aldiz, mitologiaren gaia landuko dute.

Ekimen hau aurrera eraman ahal izateko, Euskal Wikilarien Elkarteak formakuntza eta bide-laguntza egokitua eskainiko dio eragile bakoitzari. Alde batetik, Wikimedia proiektuaren inguruko tresna ezberdinak (Wikipedia, Txikipedia,…) ezagutzeko aukera izango dute eta ondoren eragile bakoitzaren intereseko den eta herri-ezagutzari ekarpena egingo dion proiektu bana aurrera eramateko laguntza jasoko dute.

Ekimen pilotua dela kontuan izanda, ikastetxe bakoitzetik talde bakar batek hartuko du parte egitasmoan, horrela eredua probatu eta egokitzapenak egiteko. Beste lurralde batzuetan izandako arrakasta kontuan izanda, datozen urteetan egitasmoa Sakanako hezkuntza komunitatean zabaltzea litzateke helburua. Ekimen hau Sakanako Plan Estrategikoaren baitan kokatzen da eta Nafarroako Gobernuaren babesa du.