Hasi da 2019-2020 ikasturtea eta horrekin batera Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko kideak ere martxan gara berriz ere Hezkuntza Programarekin lanean jarraitzeko. 2017an Eusko Jaurlaritzarekin elkarlan hitzarmena sinatu genuenetik hirugarren ikasturtea da aurtengoa eta nabari da pixkanaka sendotzen ari den proiektua dela.

Esan bezala, 2017an abiatu genuen proiektua eta hasierako ikasturtea lehenengo urratsak eman eta oinarriak finkatzeko oso garrantzitsua izan zen. Ikasturte amaieran emaitzak argitaratu genituen eta urteak emandakoaren balorazioa ere egin genuen. Lehen urtea martxa hartzeko izan bazen, zalantzarik ez dugu pasa den ikasturtea proiektuari bultzada garrantzitsu bat emateko ikasturtea izan zela.

Artikulu zerrenda osatu dugu

Programa garatzerakoan jarri genuen lehen erronka 1.000 artikuluko zerrenda bat osatzea izan zen. Horretarako Heziberri Curriculum Dekretua aztertu genuen eta gai bakoitzean aipatzen ziren kontzeptuen arabera osatu genuen lehen zerrenda, 1.600 artikulurekin. Denborarekin, artikuluen zerrenda hau aldatzen eta hedatzen joan da, artikulu berriak gehitu ditugu, eremuren batean funtsezkoak zirelako, eta zentzurik ez zituzten beste batzuk ordezkatu ditugu, jada gai hori beste artikulu batean lantzen zelako, adibidez. Gaur egun zerrendak 1.900 artikulu inguru ditu.

Artikulu hauek hobetzeko batez ere bi ekimen garrantzitsu abiatu ditugu: alde batetik unibertsitateekin lankidetza egin dugu. 2.500 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute eta bi milioi eta erdi hitz gehitu dizkiete, elkarrekin, euskarazko Wikipediara. Bestetik, wikilariek jarraitu dute artikuluak hobetzen, izan euren kabuz, antolatu ditugun lehiaketen bidez edo, Donostian, liburuzainen bidez.

Emaitza garrantzitsua izan da:

Ikasleentzat pentsatutako artikulu zerrenda honek 11.400.000 byte pisatzen zituen proiektua hasi genuenean, eta 20.266.000 byte orain. Lorpen bikaina da, edukia ia bikoizteaz hitz egiten ari gara, kasu gehienetan kalitate handiko testuekin, gainera.

Kalitatea, baina, ez da soilik byte kopuruan neurtzen. Edukiak sailkatzeko beste bide bat ere aztertu nahi genuen, eta horretarako euskarazko Wikipedia proiektu baten aitzindari izan zen: ORES sistemaren bidez artikuluen egiturazko kalitatea neurtzea. Sistema hau ez da perfektua, baina eskaintzen dizkigu hainbat pista artikuluen kalitatearen inguruan. Sei taldetan banatzen ditu: zirriborroak, hasiera, C, B, ona eta nabarmena, aurrez emandako irizpide batzuen arabera.

Gaur egun, artikulu kopuruari dagokionez 302 wikipedietatik 29.postuan dago euskarazkoa, pozik egoteko moduko datua. Funtsezko artikuluen sakonera neurtzen duen zerrendan ere hainbat postu egin ditugu gora proiektua hasi genuenetik.

Unibertsitateekin lankidetza

Proiektu honetako erronkarik handiena Unibertsitateekin lankidetza abiatzea zen eta hala izan da, baina unibertsitateetaz gain, bigarren hezkuntzako zenbait ikastetxerekin ere aritu gara elkarlanean.

Guztira 2.500 ikasle inguruk parte hartu dute. Ikasle hauek 2.410.000 hitz gehitu dizkiete euskarazko Wikipediari, gure Entziklopediaren %4,82. Guztira 774 artikulu berri sortu dituzte, baina garrantzitsuena da 2.000 artikulu baino gehiago editatu eta hobetu dituztela. Ikasleak arlo mota guztietako edukia gehitzen ari dira Wikipedian, guztioi eskainiz ikasten ari direnaren zati bat.

Beste lankidetza batzuk

Honetaz gain, bi urte hauetan hainbat eragilerekin abiatu ditugu lankidetzak eta oso emaitza onak lortu ditugu elkarrekin egindako lanaren ondorioz. Besteak beste Berria, Elhuyar, Susa, Donostia Kultura, UEU edo Ikastolen Elkartea izan ditugu bidelagun.

Txikipedia

Txikipedia dugu bi urte hauetan martxan jarritako beste proiektu garrantzitsuenetarikoa eta hau ere ondo ari da bere bidea garatzen, pixkanaka hobetzen, 2000 artikulutara iritsi da dagoeneko.

Sortu zenetik 386.000 bisitatik gora izan ditu, azala barne. Txikipediaren azalak 250 ikustaldi ditu egunean, proiektu berri eta txiki batentzako emaitza ikusgarria. Bisitek gora egin dute, gainera, eta Txikipediaren azala da egunero artikulurik ikusienetako bat.

Nazioarteko konferentzia

Eta, amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi 2018ko apirilaren 5, 6 eta 7an Donostian ospatu genuen Wikimedia + Hezkuntza nazioarteko lehen konferentzia. Talde moduan erronka handia izan zen guretzat konferentzia hau antolatzea eta esan behar dugu benetan pozik gaudela emaitzarekin.

Mundu osoko 50 herrialdetatik 120 pertsona inguru etorri ziren konferentziara, horien artean Wikimedia komunitateko izen nabarmenak, Katherine Maher bera adibidez, Wikimedia Fundazioko zuzendari exekutiboa.

Konferentziak emandakoaren lagin bat ikusteko, hona hemen lotura interesgarri bat eta baita hainbat bideo ere:

Ostiraleko laburpena:

Larunbateko laburpena:

Igandeko laburpena:

Hasiera ekitaldia osorik:

Katherine Maher Keynote: