EWKEk eta UEUk Humanitate Digitalak ikertzeko diru-poltsa sortu dugu
Argazkia: cc-by-sa-3.0 Calvinius
Dokumentuen digitalizazio masiboarekin, sare sozialen eztandarekin eta hizkuntz teknologien hedapenarekin arloen arteko lankidetza abiadura biziz garatzen ari da. Esparru bien artean eremu berriak ere ireki dira ikerketari eta berrikuntzari begira. Pasa den ekainaren 26an UEUk antolatu zuen “Humanitate digitalak: aukerak, erakundeen rol berriak eta elkarlana” jardunaldia izan zen deialdi hau antolatzeko motibazioa. Bertan giza- eta gizarte-zientziak ikertzeko hainbat bide berri proposatu ziren, horietako asko gainera, Wikipedia edota Wikidatarekin lotuta daude. Bi plataforma horietan humanitatetei buruz datu andana (big data) lizentzia libreekin jaso edota modu grafikoan erakutsi baitaitezke. Jardunaldiko aurkezpenen bideoak lagungarri izan daitezke lantzeko bide berriak aurkitzeko.
Horregatik, EWKEk eta UEUk ikerketa egiteko laguntza ematea adostu dugu. 5.000 euroko bi poltsa eskainiko dira, 8 hilabetez ikerketa egin ahal izateko. Ikerketaren oinarria eta hainbat adibide irakur ditzakezu UEUren webgunean.