50 aurkezpen baino gehiago apirileko Wikimedia+Hezkuntza nazioarteko konferentzian
Apirilaren 5, 6 eta 7an Wikimedia+Hezkuntza nazioarteko lehen konferentzia egingo dugu Donostian. Mundu osoko 50 herrialdetik etorritako 130 pertsonek hartuko dute parte hiru egunez egingo dugun konferentzian, guztira 50 aurkezpen baino gehiagorekin. Wikipediak eta bere inguruan dauden proiektuak eta hezkuntzak duten harremanari buruz eztabaidatu eta ikasteko aukera egongo da.
Irekiera udaletxean Mary Burnsekin
Apirilaren 5ean Mary Burnsen hitzaldia izango dugu Donostiako Udaletxeko pleno aretoan egingo dugun harrera ekitaldian, 18:45etan hasita. Mary Burnsek 100 argitalpen baino gehiago ditu, eta munduko kontinente guztietan lan egin du hezkuntza curriculumen garapenean. Irakasleen formakuntzan eta hezkuntzaren erronka berrien inguruan aditua da.
Katherine Maher eta eztabaida ugari larunbatean Tabakaleran
Larunbata izango da konferentziako egun nagusia. Eguna Katherine Maherren hitzaldiarekin hasiko dugu, Wikimedia mugimenduan hezkuntzak duen paperari buruz. Katherine Maher Wikimedia Fundazioko zuzendari exekutiboa da.
Ondoren egun osoan zehar hitzaldi, eztabaida, ikastaro eta posterren erakusketa izango dugu. Lau eremutan banatuta, Tabakalerako 4. pisuan izango gara. Gainera, horrelako konferentzia baten lehen aldiz, zuzeneko itzulpena ere eskainiko da ingelesa eta euskararen artean. Eguneko programa osoa hemen irakur dezakezu.
Hezkuntza estrategia eta Korrika igandean
Igandean amaiera emango diogu asteburu osoko planari. Goizean Wikimedia 2030 estrategian hezkuntzak duen paperari buruz eztabaidatzeko aukera izango dugu, eta ondoren berriro ere lau eremu ezberdinetan ikasi eta eztabaidatzeko aukera paregabea.
Arratsaldean, ekimenari amaiera emateko, Milafrangara joango gara Korrikako 749. kilometroan parte hartzera.