Hezkuntza Programa garrantzitsua egiten ari gara euskal wikilariok, mundu osoan zehar egiten diren programetan aitzindaria: ikasleek ikasleentzat idazten dute, irakasle eta unibertsitateekin egiten dugun lankidetzari esker. 2019ko apirilean aurrerapauso berria emango dugu: mundu osoko hezkuntza programei buruz entzuteko aukera izango dugu, Donostian, asteburu batez.

2017an Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin abiatu genuen hezkuntza programa, erronka zehatz batekin: 12-16 urteko ikasleek egunero kontsultatzen dituzten gaiak, euren curriculumean agertzen diren gaiak, Euskarazko Wikipedian ahalik eta hoberen egotea. Horretarako Unibertsitateko irakasleekin eta ikasleekin ari gara lanean: irakasleek eskatzen dituzten lanak paperean izan beharrean Wikipediako artikulu gisa aurkeztu behar dute. Eta arrakasta izaten ari gara: dagoeneko ikasleek milioi eta erdi hitz baino gehiago gehitu dituzte Wikipediara, eta helburu artikuluen hobekuntza nabarmena izan da.

2019rako erronkak bi dira: alde batetik artikuluak hobetzen jarraitu nahi dugu, irakasle gehiagorekin, arlo gehiagotan. Bestetik, mundu mailako hezkuntza eta Wikimedia konferentzia antolatu dugu Donostian, apirilaren 5etik 7ra bitarte.

Dagoeneko jaso ditugu 58 proposamen programa osatzeko, eta gehiago izango direlakoan gaude. Mundu osoan zehar Wikipedia eta hezkuntza lotzeko egiten diren esfortzuen erakusleihoa izango da, eta beste esperientzietatik ikasteko aukera bikaina izango dugu. Euskal Herrian egiten ari garen lana erakusteko aukera ere izango dugu, eta zuk ere programaren bat garatu baduzu edo ikerketaren bat egin baduzu aukera duzu programa proposamen bat egiteko.

Aukera ederra izango dugu elkarrekin ikasteko. IKTen inguruan interesa baduzu edo munduko hezkuntza sistemen inguruan ikasteko gogoa baduzu, hau da zure konferentzia. Zatoz gurekin!